San Pedro, itsasoan ere onena dela erakustera
Gipuzkoako Txapelketa gaur arratsaldean, 19.00etan hasita, jokatuko da Getariako uretan. San Pedrok eta Oriok zortzina garaipen batu dituzte orain arte.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
San Pedrok igandean Moañan eman zuen erakustaldia oraindik ahaztu ezinda gauden arren, arraunak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du gaur arratsaldean (19.00) Getariako uretan: Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Bederatzi talde gizonezkoetan, eta beste hiru emakumezkoetan, iaz Oriok eta Getaria-Zumaiak eraman zituzten herrialdeko tituluak eskuratzeko borrokan arituko dira.
Gizonezkoei dagokienez, hiru traineruz osatutako hiru txanda jokatuko dituzte. Lehen txandan Trintxerpe, Hibaika eta Donostiarra irtengo dira; bigarrenean Pasai Donibane, Zumaia eta Zarautz; eta hirugarrenean Orio, Hondarribia eta San Pedro. Aurrez emakumezkoen estropada jokatuko da Getaria-Tolosa, Hondarribia eta Zumaiako ontzien parte-hartzearekin.
Esan bezala, ez da erraza San Pedroko «Libia»k igandean egindakoa ahaztea eta, TKE Ligan ere euskaldun onena bera denez, faboritotzat hartu beharko da. Hori bai, Hondarribiak batez ere, baina baita Oriok eta Zarautzek ere, erakutsi dute aurten moreei aurrea hartzeko gai direla. Gainera, atzoko galerna ikusita, haizearekin kontuz ibili beharko dute azken txandako traineruek.
Emakumeen artean, sekulako albistea litzateke Getaria-Tolosak ez irabaztea. Orain artean behintzat, jaun eta jabe izan dira estropada guztietan.