GARA > Idatzia > > Ekonomia

Espetxe zigorra eta isunak obra baten arduradunentzat, segurtasun eza dela-eta

Beasaingo eraikuntza lan bateko sei arduraduni bederatzina hilabeteko espetxe zigorra eta guztira 10.800 euroko isuna ezarri diete, segurtasun neurri egokiak hartu ez, eta lan istripua gertatu zelako.

GARA |

Duela urte batzuk Beasaingo eraikuntza lan batean larriki zauritu zen langile bat, eta horren ondorioz, obrako sei arduradun zigortuak izan berri dira. Langileen segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeriaz lesioak eragitea leporatuta, bederatzina hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, eta horrez gain, guztien artean 10.800 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Hala ere, istripua izan zuen langilearentzako kalte-ordainik ez du ezartzen epai horrek, langileak berak auzibide zibil edota penalera jotzeari uko egin baitzion, aseguru etxeen bitartez zegokion ordaina jaso zuela-eta.

Epaitegiek zabaldutako agiriaren arabera, lan istripua 2003ko apirilaren 11n gertatu zen, Indar lantegi zaharraren orubean eraikitzen ari diren etxebizitzetarako obretan.

Zauritua azpikontrata baterako lan egiten zuen 38 urteko igeltseroa zen. Eraikinaren laugarren solairura igo zen lankide baten bila, eta bizkarra baranda baten kontra jartzean, «txarto finkatuta zegoenez, behera joan zen», eta langilea hamahiru metroko altueratik erori zen.

Istripuaren ondorioz, oso zauri larriak izan zituen langileak, besteak beste, ebakuntza kirurgikoak behar izan zituzten haustura eta zauri larriak, eta «medikuntza intentsiboko zainketa ugari». Izan ere, 232 egunetan elbarri egon zen, eta horietatik 16 egunetan ospitaleratuta egon behar izan zuen.

Akats ugari

Epaiak zehazten duenez, Osalan Lan Osasun eta Segurtasuneko Institutuak egindako txostenean, istripuen arrazoien artean babes-neurrien gabeziak aipatzen dira, batez ere eraikinaren egituran pertsonen erorketak ekiditeari begira egon beharko luketen neurriez ari dela.

Bestalde, lan egiteko plataformarik ez zegoela, edo hutsuneak zituela nabarmentzen du Osalanen txostenak, baita egokitzapen falta ere erabilitako tresnetan eta bitarteko osagarrietan, eta makinek eta tresneriak egonkortasun akatsak zituztela.

Lan Ikuskaritzak, bestalde, arau-hauste larri bat antzeman zuen perimetroko babesean, eta itxitura egiten zuen hesian beharrezko segurtasun neurririk ez zegoela.

Epaiketan, sei auzipetuak ados agertu ziren zigor eskaerarekin, eta horren arabera, bederatzina hilabeteko espetxe zigorra eta aipatutako isunak ezarri dizkiete.

gabezia larriak

Bai Osalanek bai Lan Ikuskaritzak Beasaingo eraikuntza lan hartan gabezia larriak antzeman zituzten hartu beharreko segurtasun neurrietan, beren txostenetan azaldutakoaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo