KRONIKA Udako ikastaroak
Euskal pop musika eta beste, «ez dok hamairu» baino lehen eta gero
UEUren Udako Ikastaroak Lekeitiora heldu dira aurten, «Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla?» galderarekin. Atzo, Pako Aristi eta Benito Lertxundi izan ziren bertan, «Ez Dok Hamairu, kontrakulturaz harantzago» ahotan.
Anartz BILBAO
«Kantari historikoa ere bada Benito Lertxundi» esan zuen Aristik atzoko solasa aurkezterakoan, Ez Dok Hamairu taldetik jarraitzen duen bakarra oriotarra dela gogoraraztean. Agian horregatik, ikastaroko hogei ikasleez gain (gazteak gehienak), beste horrenbeste ere erakarri zituen atzo (nagusitxoagoak gehienak), irekia zen jardunak.
«Ez Dok Hamairu-ri buruz asko hitz egin da baina gutxi idatzi» esan eta, saioaren izenburuari erreparatuta, honen egokitasunaz galdegin zion Aristik artistari: Kontrakultura bat garatzearen kontzientzia ba omen zuten. Kantariaren ustez, «hatza uzten duen gauza asko oharkabean gertatzen da», eta «dei edo gogo bat» izaten den arren, zeren bila zabiltzan, «estrategiarik ez da izaten sarri».
Oriotarrak, euskaraz abesten hasi eta Laboaren deia jaso izana gogoratu zuen, bilera batzuetan parte har zezan gonbidatuz. «Soto hartan kataluniar Nova Canço deskubritu genuen, Raimonen «Al Vent»...», eta mugimenduaren garrantziaz jabeturik, «gurean antzeko zerbaiten sortu nahia» piztu zen han biltzen ziren lagunengan.
Taldetxo bat sortu eta herri mailan eztanda sorrarazi zuen Ez Dok Hamairu-k, «Baga Biga» bezalako ikuskizunekin. Bitxikeria legez, oriotarrak gogoan du «Zeruko Argia»n traidoretzat jo zituztela, «euskaraz, gitarra hartuta jotzen genuelako». Taldekideen artean loturak sortu eta teoria eszeniko berriak praktikan jarri zituzten, musika ardatz hartuta. Gaur egunera etorrita, musikari belaunaldi berriek «badute Ez dok Hamairuren itzala» egin zuen hausnarketa, «hura gabe egungoa ez legoke» esateko. Mugarri bat jarri zuen taldeak: Ez Dok Hamairu baino lehen eta gero.
Taldearentzat bataio bat izan zen hura, «ez genuelako ezer, dena zelako berria (euskaraz)». Zentsura gainditzeko orduan, esaterako, estetika berri batez prestatu zuten «Sentikari» ikuskizunean, «norbaitek kontatu zigun kantuari ziotela beldurra, antzerkiari ez horrenbeste». Beraz, kantuak aurkeztu ordez -erdiak atzera botako zituzketen-, obra oso bat aurkeztu zuten, nahasketa abangoardista bat.
Bost urte iraun zuen taldea «babes eta eskola zen, elkarrengandik ikasteko». Eta kantu tradizionalak berreskuratu eta aztertzeko lana zuen Lertxundik, «kontzientziaren esnatzea zor» omen dio Ez Dok Hamairu-ri.
Estetika, politika, kultura..., kontu askok bereganatzen du Lertxundiren arreta, Arestik sarreran aipatu eta solasaldian argi gelditu zenez. Oriotarrak 70eko hamarkadako kantagintza alde batera utzi, eta makina bat gaira ihes egin zuen sarri, eta behin berotuta, euskal po(p)litika ere aztertu eta astindu zuen, goitik behera. Horrela egin zuen entzuleekin elkarrizketan hasita, «guretzat zuen kantuak protesta egiteko modua ziren, esnatu egin gintuzuen» esan ziotenean. Artistak, taldeak iritzi politikoak ere plazaratzen zituela oroitarazi, eta «gure hizkuntza gaur, politikan-eta, epela eta biguna da, zuria» esan zuen. «Nahastu eta diskurtsorik gabe utzi dute herria. Konplexuz bete eta artaburu bihurtu gara». Lertxundik jarraitu zuen, «orain libertatea omen dago gauzak esateko, baina ez dut entzuten esaten direnik», eta bere nahia agertu zuen: «Beste akuilu bat behar dugu, berriro esnatu». Eta musikaz gain (David Graham eta Pete Seeger -hau ezagutu ostean kantagintza ulertzeko modua aldatu zuen-) ahots-gorako hausnarrari eman zion: borroka armatua (eta armadak), Marx edo Roger Garaudy, gidaritza politikoa (edo falta), abertzaletasuna (eta nahasmena), zentsura eta kondenak...
Artista, deseroso munduan