GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Jaurlaritzaren egonkortasuna bermatuz, barne egonkortasuna kolokan jar lezake EBBk

EAJ hasi da egonkortasunerako bere proposamena aurkezteko gainerako alderdiekin bilerak egiten. PSOE, EB eta Alkarbide izan dira lehendabizikoak eta bilerek ez dute aurretik ezaguna zena baino askoz ere gehiago erakutsi. Nolanahi ere, EAJk protagonismoa berreskuratu du honela. Askok, baita alderdiaren barruan ere, jokaldi honen helburua hauxe dela uste du. Pentsatzekoa da jelkide guztiak pozik daudela honekin, hauteskundeak irabazi baina boterea galdu zutenetik EAJk mantendu duen jokabidean aldaketa ekartzen duelako, hoberako aldaketa, pentsa liteke.

Baina, aldi berean, PSOEk bere jarrera hain argi utzi duenean, akordiorako aukera bakarra PPrekin duen hitzarmenera igotzea dela esan duenean eta alor honetan lidergoa bere esku dagoela erakutsi duenean, ez dirudi poztasunerako arrazoi horiek funtsik dutenik. Nekez uler baitaiteke «lapurreta» egin omen dizunarekin hain eskuzabal jokatzea. Areago honek trukean ematen dizuna umiliazioa baldin bada. Hartara, jeltzaleen oinarri sozialak, Ibarretxeren alde bozkatu zuten herritarrek, bera babestu zuten burukideek, kezkaz ikusi beharko lukete hemendik aurrera beren buruzagiek egin dezaketena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo