GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Argazkien argazki albuma

Zaunka, langostinoburua buru, gure senide eta lagunen argazkiak, Euskal Herriaren defentsan bizitza eman dutenen argazkiak, gure kaleetatik kentzera; zaunka, dobermana zakur arraza bat baita, dogo, rottweiler, pinscher eta artzainen arteko nahasketatik sortua

Oroitzapenak ez dira paperak, ez dira haizeak edo Ertzaintzak eraman ditzakeen gauzak. Lagunak ez dira hostoak -maiz inguruan erorita ikusi arren-, maitasuna ez da txikle baten estalkia -sarri bi gorputz itsaskor bildu arren-, eta ez dira haizea edo Ertzaintza etorri eta eraman dezaketen zerbait.

Argazkiak ere ez dira oroitzapenak, ahanzteko beldurrez betiko izoztu nahi ditugun uneen aurpegiak baizik. Bizi izanaren ziurtagiriak, egon izanaren zigiluak paperean, zuri-beltzean zein egia den koloretan. Eta dobermana zakur arraza bat da. dogo, rottweiler, pinscher eta artzainen arteko nahasketatik sortua.

Zakurrak ez dira pertsonak baina pertsona asko zakur arriskutsuenak baino hiltzaile sen handiagoa izan dezakete, eta kasu honetan hala dute, jakina. Ezin dugu ahaztu lehengo lepotik dela katea eta lehengo lepotik burua, Martin Villa goleatzailearen oinordekoek ehizarako dohain eta intentzio guztiak erakutsi dizkigute eta. Eta orain... Orain zer?

Zaunkak entzuten dira irrintziak datozen lekutik gero eta gertuago, etengabeko zaunkak, ia uluak, ia sirenak diruditen zaunka hots amaiezinak, odol gosea darien zakur oihu nazkagarriak. Argazkien bila datoz. Eta argazkiak ez dira lagunak, argazkietakoak maite ditugunak dira, maite gaituztenak. Argazkia da aurpegia, ez aurpegia argazkia.

Ez dute argazkiak begiratzen ikasi, ikusi besterik ezin dute egin bat aurrean dutenean, askotan ikusi ere ez, zakur bihozgabeak, odol gose asegaitzekoak! Zuenak inoiz ikusi ez bagenitu, ez litzateke seinale txarra izango, ez horixe!

Rodolfo ez da langostino bat eta dobermana zakur arraza bat da, dogo, rottweiler, pinscher eta artzainen arteko nahasketatik sortua.

Zaunkek ez dute etenik, odolak soilik ase ditzakeen uluek irrintziak arrantza antza izatera daramatzate haizearen goitik beherako kolpe sigisagatsuan, baina noski, gorra gor eta lepoa lodi.

Lepo sendoa izaten du dobermanak, baina buru tikia. Urteak aurrera joan ahala, garuna burua baino gehiago hazten zaio zakurrari eta langostino batek plantxatik pasa ondoren izaten duen akabera berdintsua izaten du. Ñaka-ñaka. Edo ez, hori zigala ez al zen?

Zaunka datoz, isiltzen ez diren zaunkak argazkiak kentzera datoz. Ez dizkigute, ordea, argazkiak lapurtu nahi soilik, maitasuna etetera datoz, elkartasuna, laguntasuna, oroitzapenen kilikak kendu nahi dizkigute begien paretik, sekula balio eta sentipen horiek ezagutu ez dituzten dobermanek. Zaunka, langostinoburua buru, gure senide eta lagunen argazkiak, Euskal Herriaren defentsan bizitza eman dutenen argazkiak, gure herriko kale eta tabernetatik kentzera; zaunka, dobermana zakur arraza bat baita, dogo, rottweiler, pinscher eta artzainen arteko nahasketatik sortua.

Ikusi nahi ezak dakarren sabeleko min guztia dobermanentzat, amesgaiztorik eroenen sufrikarioa, argazkirik gordinenaren lehen planoa beraientzat, diana baten erdi-erdian dardorik zorrotzenaren ziztada zehatza. Klisk, argazki bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo