GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Lantzen dugun musika estiloak kolpe bakoitza bere lekuan egotea eskatzen du»

p044_f01_285x160.jpg

Julen GOMEZ-C

Biok taldeko baxu-jotzailea

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Gaur egun, Galdakaoko taldea Euskal Herrian egiten den metal eszenako talde esanguratsuenen artean kokatu beharra dago ezinbestean. Besteak beste, DoNoDisturb, H.K.M, Kalte, eta Deiadar taldeetan ibili eta gero, 1999. urtean ekin zioten Biok taldearen bideari. Haserako urteetan taldekide aldaketak izan eta gero, Ibon Negreirak (ahotsa), Asier Simarrok (gitarra eta ahotsa), Imanol Larraarroitajauregik (bateria), Unai Garciak (gitarra) eta Julen Gomezek (baxua eta ahotsak) osatzen dute Biok egitasmoa egun. Azken hau izan dugu mintzalagun elkarrizketa honetan.

Lau urte eta gero, kalean da jada disko berria. Denbora izan duzue lan berria lasai prestatzeko.

Lehen diskoa aurkezteko bira amaitu eta gero, emanaldiak alde batera utzi, eta lokalean murgiltzea erabaki genuen disko berriko kantuak lantzeko. Hasiera batean urtebeteko kontua izango zela uste genuen, baina azkenean bi urte eta erdi izan dira entsegu lokalean sartuta igaro ditugunak. Ez genuen data zehatz bat jarri nahi diskoa egiteko eta horrek gauzak lasai egitera eraman gaitu. Kantuei buelta asko eman dizkiegu azken emaitza lortu arte, eta bide horretan elementu ezberdinekin saiakerak egiteko aukera ere izan dugu.

Kantuen sorkuntzan gero eta denbora gehiago ematen duzuela diozu. Perfekzioaren bila akaso...

Ez dakit perfekzio hitza erabil daitekeen hori definitzeko. Lokalean kantuak lantzen ditugu eta erabat gustura geratu arte atzera eta aurrera ibiltzen gara. Gauza ezberdinak probatzea gustuko dugu eta kantu bakoitzaren gainean saiakera ezberdinak egitera eramaten gaitu horrek. Talde batzuetan badago nolabaiteko buru bat, eta berak erabakitzen ditu musikari dagozkion kontu guztiak. Biok taldean dugun lan egiteko modua bestelakoa da: bost taldekide gara eta erabakiak guztion artean hartzen ditugu, demokratikoki, eta, hori dela-eta, batzuetan, edozein gauzari buelta asko ematen dizkiogu.

Kantuei hainbeste buelta eman eta gero, ez al dute freskotasuna galtzen?

Izan daiteke. Gure musika ez da lar freskoa, baina momentuan nahi izan duguna lantzen saiatu gara. Guk lantzen dugun musika estiloa ez dago modan egun eta oso argi dugu ez garela munduko originalenak. Ez goaz ezer berria asmatzera, hori ez da gure nahia. Egiten dugun musika moldeak zehaztasuna eskatzen du, kolpe bakoitza bere lekuan egotea eta horretara joan gara. Izan daiteke freskotasuna galdu izana, baina beste alde batetik, kantuek kalitate handiagoa izatea lortzen da.

Aipatzekoa da taldeak diskoan lortu duen soinua. Gustuko duzue anplifikadore eta mikrofono ezberdinekin probak egitea?

Garrantzi handia ematen diogu musika tresna eta ekipo on bat izateari. Maketatik diskorako bidean hasi ginen mundu horretan barneratzen, eta gero eta gehiago begiratzen ditugu kontu horiek. Disko hau sortzean gauza asko probatu ditugu: gitarrarentzako pastilla ezberdinak, soinu zehatz baten bila anplifikadoreak, pedalak, efektuak... Orain gauzak argiago ditugu. Badakigu zer nahi dugun eta nola lortu.

Disko berriak Biok taldearen betiko izaerari eusten badio ere, badira aldaketak. Gitarretan esaterako, 80ko hamarkadako heavy taldeen eragina nabari da.

Bai. Izan daiteke. Gitarrak sartzeko moduan aldaketak izan dira, eta «hirukoak» ere erabili ditugu zenbait pasartetan. Gitarren harmonietan nabaritzen da gehien aipatu duzun eragin hori. Bitxikeria gisa, esan, entsegu lokalean kantuak, benetako izena hartu arte, izengoiti batekin izendatzen ditugula, eta zehazki, diskoari izena ematen dion kantuari, «heavy» deitzen genion gure artean.

Ahotsetan ere bada berrikuntzarik; batez ere bigarren ahotsetan.

Saiatu gara koruen eremu hori lantzen. Ahots nagusia betiko ildotik joan da, hori da gustuko duguna eta taldeari izaera ematen diona. Bigarren ahotsetan, berriz, gauza berriak probatu ditugu. Melodia ezberdinak landu ditugu eta Ibonen ahots kañeroarekin uztartzen saiatu gara.

Oinarri erritmikoa, berriz, inoiz baino bortitzagoa da.

Disko berri hau musikari dagokionez azkarragoa dela esan daiteke eta, bide horretan, bonbo bikoitzak nabarmen igo dira, eta azken emaitza bortitzagoa da horrela. Bateriaren soinuan eta tratamenduan aurrerapauso bat eman dugulakoan gaude. Aurreko diskoarekin oso pozik geratu ginen arren, bateriaren soinuaz ez ginen oso kontent. Honakoan, berriz, lortu dugu bateriari behar zuen soinu eta indarra ematea.

Zentzu horretan, bateriak zuen entsegu lokalean grabatu dituzue.

Bateriak gurean grabatu nahi genituela argi genuen. Bertan dagoen akustika egokia da bateriaren soinua behar bezala hartzeko. Duela hilabete batzuk, Pog Mo Thon taldearen grabaketan izan nintzen eta bateriak nola grabatu zituzten ikustean argi ikusi nuen norabidea. Soinu mahaiaren beste aldean, Haritz Harreguy izan genuen teknikari lanetan, eta gerora Victor Sanchezen eskuetan utzi genituen pistak grabaketak editatzeko eta zenbait gauza orekatzeko.

Behin bateriak grabatuta, Mikel Kazalis arduratu zen grabaketa amaitzeaz eta azken ukituak emateaz.

Urteak dira elkar ezagutzen dugula eta gure artean badago nolabaiteko kimika. Mikelek Bioken musika ezagutzen du eta badaki zer lortu nahi dugun. Gure nahia entzun eta gauzatzen saiatzen da. Mikel beste taldekide bat da estudioan eta bere ideiak ere garrantzitsuak dira guretzat. Esperientzia handia du, baina ez ditu bere asmoak inposatzen.

Diskoaren kredituetan azaltzen ez bada ere, 2009ko Ibilaldiko kantua sartu duzue gehigarri gisa.

Diskoan barneratu duguna B bertsio bat da. Berezko kantuan ahots ezberdinak erabili genituen emaitza orekatu bat bilatu nahian. Biok taldearen nortasuna galdu gabe, edozeinek entzun dezakeen kantu bat egiten saiatu gara. Oso esperientzia polita izan da guretzat eta lan handia dago kantuaren atzean. Horregatik sartu nahi izan dugu diskoan.

Diskoetxeak krisian dauden garai hauetan, eskertzekoa izango da Baga-Biga zigiluak egindako apustua, ezta?

Bai, eskertzekoa da. Batez ere, lanaren promozioan eta banaketan nabari da diskoetxearen eskua. Hala ere, gaur egun inoiz baino disko gutxiago saltzen dira eta Internetek eskaintzen dituen bideak dira urratu beharrekoak. Aurreko diskoetan egin bezala, gure esku egon dira grabaketaren afera guztiak; hala nola estudioa, masterra, diseinua...

Metal musika gogorra eta erabatekoa izan ohi da. Biok taldearen musika estiloa ere horrelakoa da. Musikari dagokionez, intentsitateekin jolastea gustuko dute, kantu bakoitza helmuga finkorik gabeko bidaia bilakatuz. Disko osoan zehar, une lasaiak eta gogorrak etengabean tartekatzen dira, pasarte ezberdinetan sentsazio eta bizipenak sakonki adieraziz. «Gaur ez da dena grisa» izenburuak kontrakoa adierazi dezakeen arren, Biok taldearen hitzetan ere, iluntasuna eta kolore eza nabariak dira. Ezinegonetik idatzitako hitzak dira, letrak idazteko unean igarotako garai gogorraren ispilu argia. Biok taldearen hitzetan, ez dago samurtasun askorik, nahiz eta zirrikituetatik ere argi izpiak sumatzen diren.

K. O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo