GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Creative Comons propioa

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Aurreko batean idatzitakoaren arabera zorretan nengoen zutabe honen irakurleekin, hitz eman nuen zerrenda bat-edo aurkeztuko nuela nire kantuak erabili ezin dituztenekin. Morauren kantuak inongo asmorekin erabili ezin dituztenen katalogoa, hain zuzen ere. Ene buruari lan zailak jartzen trebea naizenez, hona hemen nire Creative Commons pertsonalaren lehen saiakera.

Errazetik hasita; edozein bankuk, baita EH burujabe berriaren balizko aurrezki kutxa herrikoiak ere, debekatua du espresuki nire kantuak ezertarako erabiltzea, are gutxiago asmo komertzialekin bada. Edozein poliziak ere, baita EH burujabe berriaren balizko polizia herrikoiak ere, ezin du Morauren kanturik erabili, are gutxiago, itaunketetan atxilotua estutzeko asmotan bada. Erraz identifikatu daitezkeenen zerrendan ere sar ditzaket instituzioak, sektak, baita katolikoa ere, GKEak eta eskola zein unibertsitate konfesionalak, enpresa pribatu, enpresa publiko eta auto saltzaileak, edozein kolore eta motako jauntxo zein haren akolitoak, edonolako tratu txar emaleak. Horiek guztiek ezin dute euren publizitate, konferentzia, bilkura, party, afari-merienda edo dena delakoetan nire kanturik, ezta haren zatirik ere, erabili.

Gauzak konplikatzen hasten dira jarrerak neurtzen hasten garenean. Adibidez, ez dezatela Morauren kanturik erabili egia bakarra dagoela eta haien jabetza dela aldarrikatzen dutenek. Beren ama ere diruaren truke salduko luketenek. Soilik gauzak ongi doazenean iraultzaileak direnek. Bizitza osoa doktrina dohain partitzen aritzen direnek, kontrolaren misiolariek. Komisario politikoek. Beti arrazoi dutenek. Munduari azalpena aspaldi aurkitu ziotenek. Beren koldarkeria ezkutatzeko besteak krudelkeriaz disekzionatzen dituztenek. Hipokrita reincidente-ek. Aitzakiaren junkie-k, beti dago ezertxo ere ez egiteko arrazoiren bat! Ez dezatela nire kanturik erabili beste inor limurtu, engainatu, saldu, erosi edota mintzeko.

Eta bukaerarako harrikada pertsonalak. Sekula Morauren kantuak beren probetxurako erabili ezin dituztenen artean sartuko nituzke; gaupasa egin eta etxetik atera berri direla diruditenak, ez dira fidatzekoak, arropa garbia beti. Autobusean sakelakotik ozen hitz egiten dutenak. Txakur jabeen %75a, hamaika arrazoiengatik. Espaloietan bizikletan ibiltzen direnak. «Taliban» bihurtzen diren erretzaile ohiak. Droga konpartitzen ez dutenak. Autoa igandero garbitzen dutenak. IRALEn hiru urte liberatuta eman eta euskara ikasi ez duten irakasleak. Funtzionario bokazionalak....

Harritzen al zaituzte gero, hain arrakasta gutxi izateak?

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo