Zelairik zelai, Bruce Springsteenen rock festa berriro ere gurean
A. BILBAO | BILBO
Kosta zitzaion Bruce Springsteen izarrari gure oholtzak zapaltzea. Orain hiruzpalau urte hurbildu zen gehien, Santanderren izan baitzen «We Shall Overcome: The Seeger Sessions» lan berezia aurkezteko. Eta Barakaldoko BEC aretotzarra zapaldu zuen gero, Euskal Herriko estreinaldian, urtebete pasa baino lehen, «Magic» lana aurkezteko. Iaz Donostiako Anoeta zelaian bildutako zaleak zoratu zituen eta orain gauza bera espero dute Bilboko San Mames zaharrera hurbilduko direnek ere.
Krisiak krisi gainera, aspaldi agortu zituen sarrerak Springsteenek, rock izar handiak oraindik ere grina ikaragarria erakusten baitu zuzeneko emanaldietan, eta milaka zale irrikitan direlako bera ikusteko, oraindik ere.
Horren lekuko dugu, esaterako, Interneteko www.pointblackmag.com (beste asko ere badira), Bruce Springsteeni buruzko berriak gaztelaniaz emateaz arduratzen den ataria. Estatubatuarraren azken kontzertuen berri ematen dute bertan, Italian jo baitu egunotan (Erroman eta Turinen). Eta pozik dira zale sutsuak, batean eta bestean bederatzi kantu ezberdin jo zituelako, estadio handietan egin ohi ez dituenak (eta ez ezagunenetarikoak) asko: «Loose Ends» kantuarekin hasi, biran aurrenekoz «Murder Incorporated» jo eta «Drive All Night» kantatzera ausartzeraino.
San Mames zaharra
Bilboko San Mames futbol zelai zaharra lepo beteko da etzi, New Jerseyko rock izarraz gozatzeko. Athletic futbol taldean, bestalde, kezkatuta dabiltza antza, belarra nola geldituko ote den, aurki Europako txapelketarako partida jokatu beharra baitu (lau egun geroago), 35.000 lagunek zapaldutako zelaian.
Bruce Springsteenek «Working on a Dream» (Obamaren hauteskunde kanpainan estreinatu zuen lanari izena ematen dion kantua) azken lana aurkeztuko du zuzenean. Lana aurtengo urtarrilaren 27an plazaratu zuten eta «The Wrestler» filmeko kantu homonimoa du tartean, Urrezko Globo bat eskuratu zuena. Aurkezpen bira, berriz, apirilean abiatu zuen Kalifornian, eta ekainaren 27an heldu zen Europara, Glastonburyko jaialdi ospetsuan hasteko. Bilbon jo eta bi egunetara, berriz, Benidormen izango da, erretiroa hartutako euskaldunek ere rockarekin goza dezaten.
Lekua: San Mames zelaia (Bilbo).
Data: Uztailak 26, igandea.
Ordua: 21.30ean.
Sarrerak: 65/74/78 euro.
Agortuta.