GARA > Idatzia > > Ekonomia

Hendaia eta Baionako SNCFko langileek ez dute onartzen 65 lanposturen deuseztatzea

Trenbide bidezko merkantzien garraioan Parisko zuzendaritzak asteon iragarritako murrizketa planak Hendaia eta Baionako langileen haserrea eragin du. Ez dute ontzat jo ikuskaritzaren txostena eta beren lanpostuak Euskal Herrian mantentzearren borrokatzeko prest daude.

Arantxa MANTEROLA |

Haserre eta kezkatuta ziren atzo Hendaian eta Baionan trenbide bidezko merkantzien garraioan diharduten langileak. Hendaiako geltokian egin zuten biltzarrean argi geratu zen SNCF-Frêt (Merkantzia) konpainiak iragarri berri dien berregituratzeari aurre egiteko prest direla.

Bi borroka ildo jarri zituzten mahai gainean. Lehena, zuzendaritzak egin duen ikuskaritza-txostena oinarri hartu eta bertan proposatutakoari aurkako proposamenak egin eta negoziatzen hastea; eta, bigarrena, aipatu plangintza erabat arbuiatu eta bertan behera utz dezatela exijitzea.

Bozketa idatziz egitea deliberatu zuten. Bide batez mobilizazio edo ekimen berriak proposatzeko eskaera ere egin zuten. Egun batzuen buruan jakinaraziko dituzte erabakitakoaren xehetasunak.

Ekainaren amaieran SNCFk bidalitako adituek egin zuten txostenaren edukiarekin ez daude batere ados. Peio Dufau, CGTko ordezkariaren esanetan, «zuzendaritzak neurri globalak erabakitzen ditu Parisen eta gero aplikazioa zehazteko ikuskatzaileak igortzen ditu, baina ez dute tokian tokiko egoera zehatza aztertzen eta planaren aplikazio lineala egiten dute».

Apropos udan

Bai Dufaurentzat, baita LABeko Ramuntxo Labatentzat ere, neurriok udan hartzea ez da kasualitatea: «Orain bi urte ere gauza bera egin zuten, sasoikako langile gehiago dago lanean eta, erreakzioa apalagoa izango delakoan, apropos aukeratzen dute urteko sasoi hau».

Lapurdiko trenbide bidezko merkantzien garraioan dauden lanpostuen %40 murriztea aurreikusten du SNCFren planak, eta batez ere Baionako eta Hendaiako geltokietan aritzen diren 65 langileri eragingo lieke.

LEiHATILETAN

Bidaiarien garraioan diharduten Hendaia eta Donibane Lohizuneko leihatiletako lanpostuei dagokienez, egitekoak ziren murrizketak mugatzea lortu dute grebari esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo