Eszenak
«Komikoak» non-nahi, Bilboko Aste Nagusiko areto nagusietatik at
Areto nagusietatik at, Bilboko Aste Nagusiak umoreari eta kale antzerkiari tartea egin ohi die urtero. Aurtengo eskaintzak ez du hutsik egin eta 30 antzerki emanaldi baino gehiago izango dira egun horietan. Umoreak Bilborocken aurkituko du aterpea eta kale-antzerki emanaldiak Arriaga plazako anfiteatroan izango dira. Leo Bassi, MamaCrea, Hortzmuga eta Niño Crostini dira aurtengo egitarauak bildu dituen proposamenetako batzuk.
GARA | BILBO
Jai giroaz eta musikaz gain, antzerkia ere topatu dezakegu urtero hiriburuetako aste nagusietan. Bilbori dagokionez, lan komertzialak Arriaga Antzokian eta Euskalduna Jauregian bilduko dira. Baina, horrez gain, badago beste eskaintza mota bat ikusteko aukera. Alde batetik, umorezko antzerkia k eta, bestetik, kale ikuskizunek osatzen dute beste egitarau hau. Guztira 31 antzerki emanaldi izango dira Bilbon, zortzi umorezko antzezlanak eta 15 kalekoak.
Bilborocken ikusi ahalko dira umorea oinarri duten antzezlanak, Aste Nagusiko egun bakoitzean emanaldi bat izanik, 21.00etan, hain zuzen ere. Euskarazko proposamenen artean, Bikoteatroren azken lana izango da ikusgai: «Euskarazetamol», «Dibertimentuak» izeneko trilogia osatzen duena. Aretoko eskaintzen artean, bestalde, Leo Bassiren lana nabarmendu daiteke. Adeigabea eta polemikoa den komiko italiar hau bere azken lanarekin, hots, «Utopia»rekin izango da. Bertan Frantziako Iraultzarekin hasi eta ikuskizunak irauten dituen bi orduetan gai anitz jorratzen ditu; besteak beste, kristautasunaren hastapen data zalantzan jartzen du eta kobazuloetan aurkitu diren lehenengo artelanei buruzko hausnarketa egingo du.
Horiez gain, Bilborocken «Buenrollitina» estimulatzaile naturala ikusi ahal izango da eta MamaCrea konpainiaren «¿Se puede?» antzezlana. Emakumezko ikuskizuna den «Mirando a Yukali» eta kartomagia mundu mailako txapelduna «Mago Migue» ere izango dira bertan.
Arriaga plaza
Arriaga Antzokiaren atarian dagoen plazan kale antzerkia izango da protagonista, egunean bi aldiz, 13.30ean eta 21.15ean. Bertan, Argentinako talde bat, euskaldunak, italiarrak eta era guztietako antzezlanak ikusi ahalko dira. Zirikatzaile izateko jaio den Niño Costrini eta «Barroco Roll» lanak izango dira lehen egunean, abuztuaren 16an. Ondoren, Hortzmugak bere 20. urteurrenean osatu duen «Olympikas 1021» lanaz gozatzeko aukera izango dute bilbotarrek. Azken hau plazarako ekoiztuta izan den lana da, eta lau aktorek hartzen dute parte. Zahir Circo-k 17an izango du bere txanda, haien lanean «jolasten ari direla» dirudiela diote egitarauaren arduradunek. Compagnie du Mirador taldea Bruselas eta Anberesko zirku eta dantza eskoletan ikasitako partaidez osatuta dago eta Bilbo bisitatuko dute oraingoan. Bestalde, pailazo baten erretratu robota egingo dute Lunatik taldekoek. Abuztuaren 21ean «Mobile» ikuskizuna izango da, oreka txarra duten egituren bidez manipulazioa eta eszenaratzea hausnartzen dituen lana. Arriagako proposamena Teatro Salitrek egingo duen «On egin mon amour» eta Barbiere taldekoek ekarritako bizartegien giroak osatuko du. Ez da faltako, hortaz, kale antzerkiaz eta umoreaz gozatzeko aukerarik.
Hiru izango dira guztira egun bakoitzeko aukerak. Bilborockek Aste Nagusiko egun bakoitzeko antzezlan bat ekarriko du eta Arriaga plazan, bestalde, egunean bi emanaldi eskainiko direla iragarri zuten atzo.