GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Emakume bat larri Portugaleten, aitak hogei labankada emanda

Hogei urteko neska bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten atzo goizaldean, ustez aitak eman zizkion lanbankadengatik. Beste bi seme-alaba ere zauritu zituen gizona atxilotu egin zuen Ertzaintzak. Portugaleteko Ruperto Medina kalean gertatu zen erasoa.
p013_f01_111x111.jpg

GARA |

Ertzaintzak 43 urteko gizona atxilotu zuen atzo goizaldean Portugaleten, bere alabari hogei labankada eman zizkiolakoan. Hori da Lakuako Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuena.

Erasoa gauerdi inguruan gertatu zen, antza, Ruperto Medina kalean. Ordu horretan, pertsona batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen bere bizilagunetako batek seme-alabei eraso ziela esanaz, eta gero etxetik ihes egin zuela ohartaraziz. Dirudienez, erasoa gertatu zen unean oihuak entzun zituzten bizilagunek.

Erasoa jazo zen lekura bertaratu ziren Ertzaintzako hainbat agente. Bertan topatu zituzten hiru zaurituak, bi neska eta mutil bat, hirurak ustezko erasotzailearen seme-alabak.

Zaurituen artean larrien zegoen hogei urteko emakumea, hogei bat labankada jaso zituela, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten larri. Jakitera eman dutenez, berehala ebakuntza egin behar izan zioten gazteari.

Atzo eguerdian Gurutzetako ospitaleko medikuek kaleratu zuten mediku txostenaren arabera, haren egoera larria da, baina larritasunaren barruan egonkorra. Emakumeari laban zauriak ez ezik, pneumotoraxa ere antzeman zioten.

Haren anai-arrebak ere, adin txikikoak biak, zaurituak izan ziren. Mutilak kolpe ugari zituen eskaileretan behera erori zelako, eta neskak, berriz, zauri bat zuen eskuan, aipatu iturriek aditzera eman zutenez. Biak Gurutzetako ospitalera eraman zituzten zauriak sendatzeko, baina atzo eguerdirako ospitaletik irten ziren.

Zaurituen aita kalean topatu zuten ertzainek. Arropa odoleztatuta zuen erabat eta galtzetako poltsikoan labana zeraman, ustez, erasotzeko erabili zuena. Atxilotua atzo eguerdian Muskiz-eko komisarian zeukaten epailearen aurretik pasa zain, «hilketa saiakera» delitua eta bi eraso egozten dizkiotela.

Arratsaldeko lehen orduan Ertzaintzako agenteak oraindik ere erasoa gertatu zen etxea miatzen ari ziren, gertatutakoa argitzeko lagungarri izan litezkeen frogen bila.

«Oihuak eta kolpeak»

Portugaleteko Ruperto Medina kaleko bizilagunek aditzera eman dutenez, 23.30 aldera hasi zen liskarra familiaren etxean. Pareko etxean bizi den emakume batek azaldu zuenez, «oihuak, pertsianan kolpeak eta istilua» entzun zituen eta horregatik Udaltzaingoari deitu zion.

Ustezko erasotzaileak, gainera, ertzainak bera atxilotzen ari zirenean, «ero baten gisara» oihu egiten zuela adierazi zuten auzoko bizilagunek.

Beste lekuko batek azaldu zuenez, labankadak jaso zituen neska eskaileretara irten zen laguntza eske, eta bizilagun batek hartu zuen etxean babesteko. Bien bitartean, aitak eta semeak, oihuka jarraitzen zuten kalean.

Auzotarrek azaldutakoaren arabera, sei urte zeramatzan familiak aipatu kaleko beheko solairu batean bizitzen.

Egoera

Gurutzetako ospitaleak kaleratu zuen mediku txostenaren arabera, hogei urteko emakumea larri dago, baina haren egoera egonkorra da. Haren anai-arrebak jada etxean daude.

udala

Portugaleteko alkateak, Mikel Torresek, erasoa salatu zuen eta ahalik eta lasterren sendatzea espero duela adierazi zuen. Liskarra eragin zuten «arrazoiak» ez zituela ezagutzen nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo