Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
Poesia Egunak: Ean seigarrenez
Seigarren bider ospatu dira Ean Poesia Egunak. Azken bietan Karmelo Landak kale egin digu. Ez berak nahi duelako. Behartuta eta bahituta egon baitago «España, Una, Grande y Libre y Super Democrática» hartan.
Karmelo gogoratuz, faxismoaren aurka borrokatu zen Saseta komandanteak, kanpaina-dendaren sarreran idatzita zeukana gogorarazi nahi diot atzerrian dagoen Eakoari, bera «urpekaritza intelektualean» aritzen den bitartean:
«Hemen sartzen dena Euskadin da./ Euskalduna bazara, hitz egin euskaraz./ Abertzalea bazara, deiadar ezazu nirekin:/ Gora Euskadi askatuta!» (Kandido Saseta Etxeberria, Marokon).
Oraingo ospakizun honetara Euskal Herriko eskualde guztietatik etorri da jendea Eara: Zuberoatik eta Enkarterritik; Nafarroa Garaitik eta Gipuzkoatik; Arabatik eta Lapurditik; baita Bizkaiko gainerako herrietatik ere, noski. Poesiaz eta musikaz blai, bi egun eder eman ditugu Ean, Herrijeri emon arnasa taldekoen laguntzarekin eta gidaritzapean.
Eros-en inguruan mugitu dira zenbait hizlari. Badirudi idazleak, idazle batzuk gutxienez, ez direla hain neutro, behintzat erotismoaz eta intimitateaz aritzen direnean. O tempora, o mores!
Nik neuk metaliteraturaz eta metapoesiaz aritu baino, zeren meta horiek eta antzeko meta-filosofia, metafisika eta metadiskurtso ia guztiok etengabeko hitz-jario hutsak, alegia hutsean mugitzen diren hitzak, besterik ez baitira (www.sololiteratura.com/ggm/marquezlapoesiaal.htm), nahiago nuke ikusitakoaz eta entzundakoaz zenbait aipamen berezi egitea.
Izan ere, «Hitzak aribira, dugun egina» zioen gure lehen poetak. (Etxeparek ere erotismoaz idatzi zuen, orain Zuberoako sei neska gaztek kantuz gogorarazten diguten bezala).
«(...) Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik/ Nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk/ Beso biak zabaldurik dago errendaturik/ Gizonorrek dagiela hartzaz nahi duienik./ Io badeza dardoaz ere gorpuzaren erditik/ Ainguruiak bano oboro ez larrake gaizkirik/ Bana dardoa ematurik zauriere sendoturik/ Bere graziaz ezarteintu elgarreki baketurik (...)».
Hona, beraz, aipamenak:
a) Aresti-ren inguruan, Labea taldearen ikuskizuna: «Gabriel, ezpada naizena». Postmodernitate, postnazionalismo, eta post-post (sorry!) guztien atzetik, aurretik, eta gainetik, oraindik ere, eta luzarorako, behin eta berriz «poesia mailu bat dela» gogoratu digute. Ederra benetan haien emankizuna.
b) Anari-ren kantaldia, gauean, pilotalekuaren atzean, gitarra eta ahotsa, musikaren eta ahotsaren urradurak, hitzak ia soberan zeudelarik... entzuleria isil-isilean ordu txikietan.
c) Barre algarak Harkaitz Cano-ren «sumintzen nau(te)» haiekin, baselizako atarian sakabanaturik zegoen koroak era zuzen batez leloa errepikatuz, gero eta ozenago, gero eta alaiago.
d) Bukaera aparta igandeko «Amor omnibus est» delakoarekin: Itxaro Borda-ren eta Pier Paul Bertzaitz-en emanaldia, Esther, Uritze eta Iñakiren laguntzarekin, belardian, ekiaren mende eta zenbait arbolaren artean...
Geografia ere aipatu beharra dago: Apikalea (Bedaroan), Eako Tala eta bertako baseliza, Ermintxo-ren atzeko larrea... eta itsasoa nonahi... Eta, nola ez!, Beletxeko askaria: Eako tomatea eta Eatik hurbil hartutako atuna, ardo beltz onarekin.
Mendia eta itsasoa, dialektikarik gabeko bikotea. Kostaldekoak garenok itsasoa behar dugu. Itsasoa da gure bizitzako motor garrantzitsu bat, gure intimitatearen zatirik maitatuena. Gutariko batzuek, alta, mendiak eta belardiak ere behar ditugu, aipaturiko motorrari eragiteko. Bi elementu horien artean ez dago inolako dialektikarik, ezta sintesirik ere. Dialektikak, malgré sasi-intelektual batzuk, ez du deus adierazten, ez du ezer ere ez esplikatzen.
Bedaroan, Ean eta Natxituan dialektikarik gabe, sintesirik gabe, bizi izan gara bi egunez. Heldu den urtekoaren zain eta aurrekoetan bezalaxe, Ien bi egun gozatu ditugu poesiarekin, musikarekin eta bertaratutako lagunekin. Mila esker! Ez adiorik! Hurren arte!