GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Presoen aldeko elkartasun olatua eratzeko dei egin du Etxerat-ek

Elkartasuna eta maitasuna agertzea ez delako delitua eta euskal presoek bizi duten egoera gero eta larriagoa delako, Etxerat-ek elkartasun olatu bat sortzeko deia egin die herritarrei. Larunbaterako bi hitzordu jarri dituzte: Loiolan lehena, euskal errepideetan bigarrena.

p015_f02_148x092.jpg

Maider EIZMENDI |

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko borrokak ez du oporrik eta urtero legez Etxerat-ek hainbat ekimen antolatu ditu, senide eta lagun presoen eskubideekiko errespetua eskatzeko, are indar gehiagorekin gainera, euren egoera «gero eta larriagoa» bilakatzen ari baita. «Bakartzea, jipoiak, golpeak, irainak, mehatxuak, xantaia, katxeoak, miatzeak, leku aldaketa erabat arbitrarioak... 740 euskal herritarren eguneroko ogia dira», gogora ekarri zuten Etxerat-eko kideen izenean jardun zuten Iñigo Alkain eta Lurdes Zabalegik.

Egoera honen aurrean, eta «inpunitate eremu» horiek ezabatzeko, presoen eskubideen aldeko olatu handi bat sortzeko garaia dela ohartarazi zuten. Lehen zita larunbatean bertan izango da, Loiolan, goizeko hamarretan. Bertan, elizkizunaren aurretik elkarretaratzea egingo dute.

Bi ordu geroago, 12.00etan Euskal Herriko bide bazterrak bilakatuko dira euskal presoen eskubideen aldeko borrokaren agertoki. Sakabanaketa politika gaitzestea izango da ekimen horren helbururik behinena. «Euskal preso ia guztiak euskal herritik kanpo daude, euren etxeetatik 700 kilometrotara batez beste», azaldu zuten, eta horren harira, dispertsioak 21 presoren heriotza eta senide ugarirena eragin duela nabarmendu zuten.

Abuztuaren 9an izango da hurrengo hitzordua. Kosta eta Kantauri itsasoa elkartasunez betetzea izango da orduan helburua, eta bide horretan dei ozena egin zieten herritarrei. «Aukera bikaina da gure aurkako jarrera erakutsiz euren ezintasuna eta frustrazioa islatzen duten horien aurrean elkartasun harresi bat eraikitzeko», ohartarazi zuten. Espetxe politika «kriminal» honen aurkako borrokan ez daudela bakarrik azaldu zuten, «azken egun hauetan herri honetako gehiengo sozial, politiko eta sindikalak erakutsi duen gisara». Izan ere, ozen esan zuten, «elkartasuna eta maitasuna ez dira delitu, sekula ez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo