Euskal Herria jaietan
Besta giroari ongietorria egiteko giltzak jaurti arte eutsi ezinik
Ainize BUTRON |
Arratseko hamarretan zuten hitzordua atzo baionarrek, herriko jaiei irekiera ofiziala emateko. Jendea trumilka hurbildua zen, Herriko Etxeko balkoian Leon erregea esnatzen ikusteko eta bost eguneko besta giroari ekiteko. Ohiturari eutsiz, «besta on denoi» frantsesez zabalduriko agurrarekin eman zioten hasiera bestari, bertan bilduak ziren milaka lagunen txistu eta txalo beroekin batera.
Leon erregea bertan zaindari zela, herriko agintarien urteroko zeremonia egin zen balkoian. Lehen hitza Eki Erramundegi bertsolariari eman zioten. Bi bertso bota zituen bestei ongietorria egiteko, eta, Jean-Michel Larquek jarraian gaskoieraz olerki bat irakurri zuen. Halere, urtero jaien hasiera ofizialeko ekitaldi nagusia balkoitik gakoak botatzea izan ohi da. Aurten, Laurent Gerra frantses umoristak «Besta on» handi bat oihukatuz bota zituzten gakoak Aviron taldeko bi jokalarirekin batera, eta ekitaldia behar bezala amaitzeko su artifizialak ere izan ziren Reduit Plazan. Horren ondotik, herriko plazetan musika doinuak zabaltzen hasi ziren, gau ilunera arte. Bien bitartean Herriko Etxean xanpaina doan preziatzeko aukera izan zuten hasiera ekitaldian parte hartu zuten gonbidatu guztiek.
Baina, herritar asko ez ziren baitezpada gaueko Leon erregearen esnatzearen zeremoniaren zain egon jaietan hasteko. Izan ere, aurten inoiz baino jaietarako grina handiagoa zuten bestazaleek. Egoera ikusita, Baionako jaiak noiz hasten diren zalantza izango zuen batek baino gehiagok.
Egitarau ofizialari muzin
Atzo goizetik Baionako karrikak zuriz eta gorriz jantziak ziren, eta, euskal kantu saioak zabaldu ziren hiriburuan egun osoan. Herriko Etxeak urtero finkatzen duen ordutegiari kontra egiteko xede hutsa, edo krisiak sortzen dituen kezkak ahanzteko beharra ote? Halere, aurrerapen horrek ez zituen bertako herritarrak pozik utzi. «Ez dute deus erran nahi festa hauek. Hurbiltzen direnek ez dute deus errespetatzen. Irekitzea hamarretan da!», esan zuen Maika izeneko baionarrak.
Tradizioa eta festan murgiltzeko gogoa aurrez aurre ziren atzo, beraz. Zuri eta gorriz janzteko gogoa aurreko egunetan jadanik nabaria zen Baionara hurbiltzen ziren herritarren artean. Urteroko Braderia deituriko egun bateko merkealdiak askoren odola berotu zuen hein batean, eta askok, atzoko egunari itxaron ordez, besta bezperatik hastea erabaki zuten. Horri gehitu behar zaio asteburuaz geroztik ostatuetan ikusten ziren prestaketa lanak. Edari hornitzaileen kamioien harat-honatek, kanpoaldeko egurrezko ostatuen muntaketak eta saltegien barrikadek osatzen zuten Baionako irudia.
Lau egunetako lan horren ondotik, Baiona txikiko zein handiko saltegi gehienek ateak itxiak zituzten atzo goizean, eta, berinak babesteko guztiek egurrezko panelak jarriak zituzten. Egoera hori herritar batzuek umorez hartu bazuten ere, baziren beste asko tamalgarritzat jotzen zutenak ere: «Lekuak husten ditugu `basatiei' lekua uzteko». Basati izate hori jaiei dagokien errealitate bat baizik ez zen izan atzokoan.
Karrikaz karrika ibiltzean giro goxoa zen nagusi. Auzoz auzo, saltegien arteko aperitifak ikusi ahal ziren han eta hemen. Espainia karrikan, esaterako, Oteiza saltegiak inguruko saltzaile guztiak gonbidatu zituen xingar mozketa eta dastatzera. Goizeko hamaikak aldera, bertan zebiltzan guztiek xingar xerrak doan jateko aukera izan zuten, saltegietako jabeez umorez trufatzearekin batera. Lehiaketa baten gisara, xingarra mozten ari zirenen adina asmatzea izan zen goizeko proba.
Lehiaketa giroa
Txapelketak izan ziren nagusi atzo. Jaiek arratseko hamarretan abiatu behar bazuten ere, aurreko ekimen txikietan parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek. Goizeko bederatzietan, Biarrizko hondartzatik Baionara arteko «Festalarien lasterketa» izan zen. Bestetan murgildu aurretik, gorputza sasoian jartzea helburu duen lehiaketa horretako parte hartzaile kopurua urtetik urtera handituz doa, eta aurtengo edizioak hiru mila eta berrehun lagun inguru elkartu zituen.
Zazpi kilometroko lasterraldiaren ondotik, eguerdiko hamaikak aldera hasi ziren hurbiltzen korrikalariak helmugara. Lasterraldiaren karietara, aurten berriz ere Santa Espirituko zubia jendez gainezka zen. Parte hartzaileen familia eta lagunak ziren nagusi, eta, lasterketan, gazte, heldu zein haurrak ikusi ahal izan ziren korrika.
Tenore berean bigarren lehiaketa bat prestatzen ari ziren Merkatuko plazan. Peñek antolatua, piper tortilla txapelketa egin zuten bertan. Hogei bat parte hartzaile bildu zituen ekitaldiak. Nork bere zartagina, piper platera, tipulak eta arrautzak mahai gainean zituela, ahalik eta tortilla onena egiten aritu ziren goiz osoan, kantuan eta giro ezin hobean. Bukaeran, tortilla onenak lortu zuen txapela, baina, parte hartzaile guztien tortillak preziatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren ehunka herritarrek. Gaur, berriz, jaietako lehendabiziko eguna haurrei eskainia izango denez, txikienak ibiliko dira batetik bestera Baionako kaleetan.
Kanpotik etorritako gazteentzako hiru kanpin antolatu dituzte Baionan. Berrogei euroren truke bost egunetan bertan lo egiteko aukera dute. Astearte gauean jada gazte ugari hurbilduak ziren.
Gauero, hezitzaileak lanean aritzen dira Paul Bert gunean gehiegi edan duten gazteak jasotzen. Erietxeko larrialdi zerbitzura eraman ordez, bertan atxikitzen dituzte lotan onera egin arte.
Santa Espiritu auzoak bestak preziatzeko aukera izango du aurten lehendabizikoz, egitaraua bertara zabaltzea erabaki baitute aurten.
Jai, jaialdi eta jende asko biltzen dituen ekimenetan xahutu ohi den plastiko kopurua murrizteko, Baso Berri deitu ekimena jarri zen abian duela zenbait urte Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Leku jakin horretan abiaturiko ekimen horrek, urtetan bere bidea egin du, eta aurten, Baionako jaietara ere iritsiko da. Euro baten truke gau osoan edalontzi bakarra erabili, eta, azkenean, euroa berreskuratzeko edalontzia itzultzea da ekintza horren funtsa. «Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean bultzatu nahi genuen hasiera batean ekintza. Baina, ahal urriak, eta bereziki diru eskasia zela-eta, bertan behera geratu da», argitu zuen Gilles elkarteko kideak. Baso Berri, orduan aurten, hainbat peña eta ostatutan izango da soilik. «Egunero 60.000 baso bana ditzakegu. Ziur asko gutxiago baliatuko ditugu», gaineratu zuen. Karrikaldian, Haurren Eguna kari, Poterne gunean egingo den ekitaldian, Patxoki, Haize egoa, Txiri Boga, Sankara eta Pyrenees ostatuetan aurkitu ahalko dira edalontzi horiek. «Xahutzen den plastiko kopuruari begira, pentsamolde aldaketa sumatzen da jai horietan. Hala nola, orain arte zenbait lekutan baso horiek proposatzen zizkieten bezeroei, baina, ez ziren derrigorrezkoak. Aurten, berriz, inposatu dizkiete. Guretzat lorpen handia da», bukatu zuen. Ondoko urteari begira ekimenari eusteko asmoa du Baso Berri elkarteak. A.B.
Jaietan urtero agerian jarria den emakumeen kontrako bortizkeriak, eta baita, sexu harremanean izaten den informazio eskasiari erantzuteko, Planning Familial elkarteak bere gain hartu du aurten egonaldiak egitea. Besten biharamunetan, egunero, bi orduz emakume zein bikoteak jasoko dituzte, doan eta anonimatua gordez. «Jakina da Baionako jaietan bortizkeria kasuak gertatzen direla. Baina, ez gaude bakarrik horretarako. Farmazien itzulia egiten aritu gara permanentzia eginen dugula jakinarazteko, eta, askok harridura adierazi digute emakumeek beren gorputzaz zein gutxi dakiten ikustean. Babesik gabeko sexu harreman asko gertatzen da, eta, jaietan biharamuneko pilularen salmenta puztu egiten da», nabarmendu zuen Maria Jose Aranak.
Biztanle emendatze handia izaten da, izan ere, Baionako jaietan. «Epe laburrean gertatzen den biztanle kopuru handitze horrek arazoak areagotzen ditu. Bortizkeria egoerak gertatzen dira. Eta, kanpotik etortzen den jendeak kontrazepzio beharrak izaten ditu», gaineratu zuen.
Permanentziak egiteaz gain, bortxaketarik gertatuko balitz, salaketak egingo dituztela jakinarazi zuen Aranak, Bortxaketen Aurkako Kolektiboa eta Collectif des femmes en Pays Basque elkarteekin batera egingo dituztela esanez. «Besta bai, bortxaketarik ez» kanpaina abiatu du berriz ere bortizkeriaren kontrako kolektiboak. IA.B.