GARA > Idatzia > > Mundua

Chavezek Kolonbiarekin zituen diplomazia harremanak eten ditu

Hugo Chavezek Kolonbiarekin zituen harreman komertzial eta diplomatikoak eten zituen atzo, Alvaro Uribek Venezuelak FARCi armak eman zizkiola ziurtatu ostean. Harremanen haustura oraingoan behin betiko izango dela ohartarazi du Chavezek.

p024_f02_148x140.jpg

GARA |

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak Kolonbiarekin zituen harreman diplomatiko eta komertzialak bertan behera utziko dituela jakinarazi zuen atzo. Bi herrialde hauen arteko harremanak zailak izan dira azken urteotan. Erabaki hori Kolonbiak Venezuelaren aurka egindako azken akusazioen ondorio zuzena da. Izan ere, Uriberen Gobernuak Venezuelari egotzi dio Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrei (FARC) armak eskuratu izana. Chavezen hitzetan, akusazio hori Venezuelaren aurkako beste eraso bat baino ez da, eta «zentzugabe»tzat jo du.

Azken salaketa hori dela-eta, Chavezek, Gustavo Marquez Venezuelako enbaxadoreari Kolonbiatik irteteko agindu zion, eta harremana apurtutzat eman zuen. Harremanen haustura behin betikoa izango dela gaineratu zuen Venezuelako presidenteak. Nicolas Maduro Venezuelako kantzelariak jakinarazi zuenez, Marquez Venezuelan dago jada eta gainontzeko diplomatikoak gaur goizean iritsiko direla azaldu zuen. Harremanen haustura honen ondorioz, Venezuelan dauden enpresa kolonbiarrak desjabetuko dituztela ere ohartarazi zuen agintari venezuelarrak. Honela, Kolonbiatik jasotzen dituzten inportazioak ordezkatzeko ere agindu dio Eduardo Saman Merkataritza ministroari. Kolonbiako inportazioak ez dira ezinbestekoak, Chavezen iritziz.

«Inperialisten menpe»

Agintari venezuelarraren ustez, Uribek berriro ekin dio Venezuelaren aurkako kanpainari eta «inperialisten menpe» dagoela gaineratu du. Era berean, duela hamarkada batetik Chavezek aurrera daraman «iraultza» zapuztu nahi dutela ohartarazi du, horretarako era guztietako baliabideak erabiliz.

Bogotako Gobernuak egindako akusazioen harira, Chavezek adierazi du «Uribek badakiela erabat faltsua dela Venezuelak FARC, Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrei, armak erraztu izana», eta bere aurka ekiteko beste aitzakia bat baino ez dela gaineratu du. Bestalde, hainbat grabaketetan FARCek erabiltzen dituen armak jatorriz estatubatuarrak, errusiarrak edota israeldarrak direla ikus daitekeela gaineratu du Chavezek. Haren ustez, Kolonbiak bide errazena hartu du, «ahulena» -Venezuelari zeharkako aipamena eginez- salatuz.

Venezuela eta Kolonbiaren arteko harremanen etena ez da kontua berria, bi herrialdeen arteko tentsioa aspalditik dator-eta. 2008an ere, Chavezek Kolonbiako muga ixteko agindu zuen bi gobernuen arteko krisi diplomatikoaren ondorioz. Krisi horren eragilea Kolonbiak FARCek Ekuadorren zeukan kanpamendu baten aurka egindako eraso militarra izan zen, eta duela sei hilabete eskas leheneratu zituzten harremanak. Caracas eta Bogotaren arteko liskarrak etengabeak izan dira azken urteetan, Kolonbiak Chavezen aurka egindako salaketengatik.

Hitzarmen militarra

Bestalde, Kolonbiarekin zituzten harremanen gaineko hausnarketa egin behar zuela adierazi zuen Chavezek duela egun batzuk, Kolonbiak AEBekin adostu nahi duen hitzarmen militarra dela-eta. Venezuelako presidenteak Uriberi egotzi zion AEBei ateak ireki izana.

Chavezen ustez, Ameriketako Estatu Batuek Venezuelari ez ezik, Hego Amerikako herrialde guztiei erasotzea dute helburu.

Kolonbiako Gobernuak Venezuelaren aurka egindako akusazioen ondorioz, Chavezek harremana behin betiko etetea erabaki du.

Lieberman da fin en Bogotá a su gira continental de presión contra el Gobierno iraní

El Ministro israelí de Asuntos Exteriores, Avigdor Lieberman, finalizó ayer su gira latinoamericana, destinada a «contrarrestar la influencia de Irán» en este continente. Durante la gira, Lieberman ha visitado Perú, Argentina y Brasil. El ministro israelí mostró su compromiso de activar la presión de Israel sobre este continente y de «reforzar los vínculos a nivel comercial».

En este sentido, Lieberman pretendería congregar apoyos contra el Gobierno iraní, después de haber afirmado en mayo que Venezuela y Bolivia aportaban su ayuda al programa nuclear iraní. Mientras, los apoyos a Irán se refuerzan cada vez más en la región.

SALAKETA

Kolonbiako Gobernuak FARCi armak ematea egotzi zion Venezuelako Gobernuari. Akusazioa zentzugabetzat jo du Chavezek, eta Kolonbiarekin zituen harreman diplomatikoak behin betiko etetea erabaki.

HITZARMENA

Chavez eta Uriberen arteko tentsioa ez da oraingoa. Duela egun batzuk, Kolonbiarekiko harremanak berriz aztertu behar zituela adierazi zuen Chavezek, Uribek AEBekin sinatu nahi duen hitzarmen militarra dela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo