GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal artista berriek euren lana zabaltzeko aukera izango dute «Inmersiones-09» ekimenarekin

Iaz egin zuten lehen aldiz, eta lortutako arraskastak «Inmersiones» ekimenaren bigarren edizioa antolatzera bultzatu ditu Amarika proiektuko kideak. Berrikuntzen artean, Estatu mailako bira da nabarmentzekoa.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Amarika proiektua gero eta ezagunagoa da Gasteizko kultur eragileen artean. Iaz ekin zion bideari, eta «Inmersiones» ekimena abiatuz hastea erabaki zuten. Atzokoan, bigarren edizioaren berri emateko elkartu ziren, eta bidez batez, 2008ak eman zituen emaitzak biltzen dituen katalogoa aurkezteko ere bai.

«Inmersiones»en xedea hasten ari diren euskal artistei euren lana ezagutarazteko ate bat zabaltzea da. Helburuak, aldi berean, beste aldean Euskal Herriko artista eta kolektibo berrien ekoizpen garaikideak aztertzeko aukera ere ematen du. Aurtengoan, xede horiek betetzeaz gain, «lan sare» berriak hedatzea eta sortzea ere nahi dute.

Horretarako bidea, atzo azaldu zutenaren arabera, 30 artista hautatzea izango da, katalogoa argitaratzea eta, berrikuntza bezala, hainbat arte eta kultura zentroetatik bira bat egitea. Hiru ardatz izango ditu, beraz, «Inmersiones-09»k. Lehena nahiko zabala da, deialdira aurkeztutako artisten artean dosier multzo bat aukeratuko dute, euren egoitzan, hots, Amarika aretoan aurkezteko. Bigarren ardatzaren azkeneko emaitza erakusketa izango da. Horretarako, hamar artista hautatuko dituzte, eta euskal paisajista ospetsu batzuekin bizikidetasun-tailer batean parte hartuko dute. Bertan, Gasteiz eta inguruetako paisaiak landuko dituzte, eta gerora Amarika aretoan ikusgai izango den erakusketa osatuz joango dira guztien artean.

Azken ardatza, bestalde, biziena izango da. Hau da, 30 artistek zuzenean euren lanen berri emateko aukera izango dute. Alde batetik, aretoan bertan egingo dituzten topaketen bidez. Iaz ere egindako ekintza da, eta oso arrakasta handia izan zuena. Artistak, erakusketa areto edota museoetako arduradun eta publikoa leku berdinean biltzea du xede, erlazio bizia sortuz. Baina «Tour-inmersiones» izango da aurtengo berrikuntzarik garrantzitsuena. Estatu mailan hiru aste iraungo duen bira bat egingo dute, «artistei kultur eragileekin, antolatzaileekin eta arte galerien arduradunekin hainbat hiritan biltzeko aukera emanez». Azkenik, topaketa horietan jazotakoak ez ahazteko, katalogoa argitaratuko dute.

Aurtengo arduraduna Izaskun Alvarez izango da, iaz ekimen honetan partaide aritu zena. Berak azaldu zuenaren arabera, iazko planteamendua hobetzen saiatu dira. Bira egitearen ideiarekin, gainera, Amarika proiektuaren inguruan sortu den lan egiteko bestelako molde hau zabaltzeko asmoa dute.

Ekimen zehatz guzti hauekin euskal arte berria hedatu nahi dute. Eta artista berriari zuzenduta dago, hain zuzen ere, aurki Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko den deialdia.

52 artisten lanak biltzen dituen katalogoa

Egun sortzen ari diren ekoizpen artistiko berriak bildu nahi ditu «Inmersiones» egitasmoak. Hori dela eta, ekintzak bultzatzeaz gain, katalogoa argitaratu ere egingo zutela iragarri zuten iaz. Atzo emandako prentsaurrekoan, argitalpen hori aurkeztu zuten. Iazko ekimenean parte hartu zuten 52 artisten ibilbideak jaso dituzte bertan. Hala, edozein kultur eragilek edo arte galeria batek egun lanean ari diren artista gazteak ezagutu nahi izanez gero, tresna baliagarria dauka. «Inmersiones» egitasmoaren gainean hausnarketa egin duten zazpi testu ere irakur daitezke Amarika zigiluarekin argitaratutako lehen liburuxkan.

I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo