GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Festazale kopuruak behera egin du aurtengo jaietan

Karriketan sumatzen zena berretsi zuten atzo Suprefeturak eta Herriko Etxeak zabalduriko berriek. Izan ere, lehen bi gauetan aurreko urteetan baino parte-hartze txikiagoa izan dela adierazi zuten. Herriko Etxeak dioenez, jaiak uztailaren bukaeran hasi izanak eragin du beherakada hori. Halere, gutxitze horrekin jaiak lasaitasun gehiagoz iragan direlako pozik agertu ziren bi egiturak. Asteburua izaten da, ordea, jendetsuena.

Ainize BUTRON |

Jaien lehen bi gauak iragan direla-eta, lehenengo balantze bat egin zuten Baionako Suprefeturako arduradunek. Karriketan barnatzerakoan argi agertzen den bezala, Baionako bestek aurten aurreko urteetan baino festazale gutxiago jaso dutela adierazi zuten.

«Aurreko urteei begira, aurtengo jaiak askoz lasaiago iragaten ari dira», gaineratu zuten. Baionak jaietan zenbat jende jasotzen duen jakitea nahiko zaila egiten zaiela onartu bazuten ere, karriketan jende kopurua nabarmen gutxitu dela bistakoa zela adierazi zuten. Murrizte hori, Henri Lauque Besta Batzordeko arduradunak jaien datekin lotu zuen.

«Pozik gaude. Aurtengo jaiak uztailean hasi dira, eta horrek eragin du jende gutxiago bertaratzea. Abuztuan turista gehiago izaten da beti», azaldu zuen.

Balantzea egiterakoan istiluak aipatzeko beta ere izan zuten. Eta, alde horretatik ere, gauak lasaitasunez iragan direla esan zuten. «Egunean zeharreko egitaraua hornitu dugu, eta, besta egiteko eran ondorioak izan ditu. Hala, festazaleak goizetik inguratzen dira Baionara, eta, ondorioz gauean jende gutxiago izaten da», gehitu zuen Lauquek.

Duela hiru urte gauean gertatzen ziren istiluen ondorioz, ateak goizeko hiruretan ixtera behartu zituzten ostatuak, eta, peña eta elkarteak, berriz, bostetan.

«Herritarrek usaia berriak hartu dituzte. Eguerditan hasiz, gauean jadanik, aseak izaten dira», argitu zuen. Ohitura aldaketa hori Baionara bertaratutako herritarrek ere hizpide izan zuten. Peio eta Maryse baionarrek, izan ere, atzo parranda egitea erabaki zuten. Azken urteotan egiten aritu diren egitarau berdintsuari ekin zioten: goizeko hamaiketan karriketan barnatu poteoa egiteko, eta, beste hogeita hamar bat lagunekin apairu goxo bat preziatu ondoren, arratseko bostetatik Karrikaldira hurbildu ohi dira jaia gaua egin bitartean luzatzeko asmoarekin. «Horrelako egun bat kantuz, dantzan eta bestan igaro ondoren, gauean nahikoa izaten dugu», esan zuen Peiok. Ildo horretan Henri Lauquek jarraitu zuen: «Baionara ezin da hurbildu arratseko hamaiketatik goiti. Horrek gaueko festa mugatzen du. Jatetxe guztiek eguerditatik seiak arte etengabeko bazkari zerbitzuak eskaintzeko erabakia hartu dute».

Baionako Besta Batzordeak aurten abiatu «Besta ederragoa izateko» kanpainak herritarren jarreran ondorioak izan dituela pentsa daiteke jaien bi lehen egunak igaro ondoren. Istilu gutxi gertatu arren, Suprefeturak datu zenbait aurreratu zituen. Honela, gauero hirurehun bat lagun zauri arinekin jasoak izan dira, beste, berrogei bat erietxean, eta azkenik, hamabost bat lagun atxilotu dituzte.

Barneko zurrumurruak

Bestan buru-belarri izan diren herritarrek bazuten nahiko gertakizunik kontatzeko. Deigarrienen artean dago hiru mutilek gauean egindakoa. Hau da, eraikin baten horma igotzea erabakia zuten horiek, etxeko balkoira iristeko. Baina, hura izan zen ustekabea gora iritsi, eta balkoi osoa beraiekin batera behera jauzi zelarik. Ondorioz, hirurek erietxeko larrialdi zerbitzuetara jo behar izan zuten. Besterik bazegoen. Hala nola, gauaren erdian igerilari fresko batzuk ura berriz ere ukitzeko gogoarekin zeudela, Marengo deitu zubitik behera jauzi eginez uretan murgiltzea erabaki zuten; behin eta berriz esperientzia errepikatu ere, horietariko batek oina haustea lortu arteraino.

Bestalde, tabernen ateak goizeko hiruretan ixtearekin Herriko Etxea pozik agertu bazen ere, ez zuten guztiek poz berdina adierazi. Atzo, aurreko gauetan bezala, ostatuak ixtekotan zirela, azken arno edo garagardo tragoxkaren bila, lehiaketa asmatu zuten festazaleek. Eskale gisa ostatuz ostatu joanez egarria asetzea lortu arren, gutxik izango zuen alkoholik aurkitzeko aukera. Beste zenbait, aldiz, gaua karrikak zeharkatuz ibili ziren eguzkiaren lehen izpiekin topo egin arte. «Zoin laburra egin zaigun gaua», esan zuen horietako batek.

Alkoholemia kontrol ugarien ondorioz, festazale askok etxeratzeko orduan autobusa hartzea erabakitzen dute. Egunez Baionara hurbiltzeko aukera emateaz gain, autobus lineak Baionako inguru guztietara joan-etorrian ibiltzen dira goizeko laurak arte etengabe. Autobusekin batera, joera aldaketak ohitura berriak ekartzen dituztela-eta, taxiak ere zerbitzu berriak eskaintzen hasi dira. Ordu erdi bat lehenago deituz, taxilari zenbaitek bost euroren truk etxeko ateraino eramaten du hala nahi duena.

Oskorri eta Nadau

Euskal Herriko eta Okzitaniako musikariak elkarlanean ikusteko aukera paregabea izan zen atzo Baionako zezen-plazan. Oskorri, Nadau eta Harmonie Bayonnaise taldeek eskainitako emanaldiak arrakasta handia bildu zuen.

Autoak kanpora

Autoa Baionako besta eremuaren barnean aparkaturik utzia zuen zenbaitek ezusteko handia izan zuen autoa garabiak eramana zuela ohartzerakoan. Jaia hasi denetik, egunero hogeita hamar bat auto eramanak izan dira.

USB gakoa jaien oroitzapenerako

Carnets Bayonnais Baiona eta inguruetako blogari elkarteak bultzatuta, teknologia berriei tartetxo bat eman zaie aurtengo bestetan. Jaien hasiera ofizialaren egunean, herriko etxearen gakoak ofizialki balkoitik botatzen ziren une berean, Carnets Bayonnais elkarteko kideek ekimen alternatiboa proposatu zuten Santespiritu auzoko Errepublika plazan.

Bertan, herriko gakoak bota baino, USB giltzak botatzeari ekin zioten balkoitik. «Baionako e-festak» idatzia zeraman oihala lagun zutela, festazaleei jaietan USB gakoak zabaltzea proposatzen zieten, bertan besteei dagokion informazio oro sartzera gomitatuz. Ekimenaren xedea besteei buruz ahal bezainbat informazio, argazki eta herritarren parte-hartze biltzea da. Bost egunez USB gako horietan bildua izango den informazio guztia Interneten Bayonne-usb.net webgunean zabaltzeko asmoa du elkarteak.

Elkarteak ekimen horren bidez festazaleak jai parte-hartzaile batera bideratu nahi ditu. «Jaiaren kontsumitzaile hutsa izan baino, jarrera parte-hartzailea izateko era bat da», azaldu zuten ekimenaren arrazoia azaldu nahian. A.B.

Apezpikuak ere bestarekin bat egitea erabaki du

Baionako apezpikuak jaiek sortu tradizio modernoekin bat egitea erabaki du. Izan ere, Molhere apezpiku ohiak kargua betetzen zuelarik, Bar du Curé (apezaren ostatua) deitu ostatua zabaldu zen. Ikastetxeetako gazteak jasotzeko zabaldu zen gehienbat hasieran. Baina, besten arrakastari lotu dira apezak, eta, jai egunetan alkoholik gabeko gune goxo bat eskaini nahi izan dute. Bertan, apezekin tarte batez hitz egiteko aukera emateaz gain, ostatuaren aldamenean kokatu duten otoitz gelan egoteko aukera ere ematen zaie festazaleei. «Eliza jaien bihotzean dago. Otoitz gela zabalik dago nahi duen ororentzat, eta besta garaian tarte bat baliatzen ahal da, bertara hurbilduz pausa espirituala egiteko», azalpen hori ematen dute beren webgunean.

Baina, espiritualitatea ez da bertan aurkituko den gauza bakarra. Apezek, gazteak erakartzeko gisa gauero emanaldi bat eskaintzen dute. Bertaratzen den herritar orok apez baten bat kantuz ere ikusteko aukera izango du. Espiritualiteak izan zuen ere bere lekua jaien egitarauan, goizero herriko plaza nagusian yoga saioak proposatuak baitira. A.B.

Dragoia

Aturri ibaiaren bi aldeen arteko ibilaldia egin zuen ostegun gauean eta atzo. Arratseko hamaiketan argiz eta kolorez beteriko dragoi erraldoia herriko etxearen eta geltoki arteko kaleetan zehar ibili zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo