HARRI-ZULATZEA Gipuzkoako Liga
Jaizubiak bere eskarmentua eta abilezia erakutsi ditu lehenengo jardunaldian
Jon LEUNDA | ALTZO
Jaizubia taldeak irabazi zuen atzo Altzon Gipuzkoako lehenengo ligako estreinako jardunaldia. Beraiek dira Euskal Herriko egungo txapeldunak, eta orain herrialdekoa irabazteko faboritoak ere bai, baina beste bi talde berrik, Altzok, eta Amezketak ere lan ona egin zuten.
Jende asko batu zen atzo Altzoko plazan jardunaldi hau ikusteko asmoarekin. Talde bakoitzak hogei minutu izan zituen harrian ahalik eta zulorik gehien egiteko.
Jaizubiak jende indartsua dauka, eta atzo argi eta garbi ikusi zen hori. Talde ona, eta eskarmentu handikoa dute, eta atzo ez zuten barkatu. Hogei minutu lanean aritu ostean 11 zulo egin zituzten, eta beste inork ezin izan zituen harrapatu.
Emozioa bigarren posturako egon zen, Altzoren eta Amezketaren artean. Etxekoek zuloa hasi eta bukatu egiten zuten, eta amezketarrek, berriz, zuloak markatu, eta gero zulatu, Jaizubiak bezala. Altzo beti aurretik ibili zen, baina amaieran alde oso txikia izan zen bien artean.
Amaieran, Altzok bigarren postua eskuratu zuen, baina 7 zentimetroko aldea baino ez zen egon. Altzok 7 zulo eta 7 zentimetro egin zituen, eta Amezketak, berriz, 7 zulo.
Orain arte, Jaizubia kenduta, talde guztiak Bizkaian egon dira, baina Gipuzkoan osatu dira jadanik hiru talde. Helburua herrialde honetan ere lehiaketa bat abiatzea zen, eta hori lortu dute. Amaitzeko beste bi jardunaldi jokatu behar dituzte oraindik: abuztuaren 16an Hondarribian, eta astebete geroago, Amezketan.