GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA Pello Urzelai 2009/7/31

Beste parametroak

Auzia behin-betiko itxiz, aukera egon bazegoen Egunkaria auziaren bidegabekeria juridikoari amaiera jartzen hasteko. Auzitegi Nazionaleko zigor salak helduleku bat baino gehiago zituen, baina ez, epaiketa egitearen aldeko apustua nagusitu da. Sei urte eta gero, argi dago auzi hau -beste asko bezala- ez dela parametro juridikoetan neurtzen, eta interes politiko jakin batzuen arabera abiatzen diren ekimen judizialak oso zailak direla gero geldiarazteko. Are gehiago salbuespen egoera baten tresna nagusitako bat den auzitegian.

Atzoko autoan, epaileek ontzat jo dute herri akusazioan bakarrik oinarritutako epaiketa. Kasu honetan bai, baina Emilio Botin Santander banketxeko burua epaitzeko orduan ez. Gainera, jarrera kontraesankor hori justifikatzeko orduan Auzitegi Goreneko Atutxa auziko epaia aipatu dute (herri akusazioaren zilegitasunaren aldekoa), eta ez Botin auzikoa (kontrakoa). Ezta EAEko Auzitegi Nagusiak Ibarretxe auzian hartutakoa (kontrakoa ere, nahiz eta delitu mota «abstraktua» izan Egunkaria auzian bezala).

Espainiako Justizian juridikorik ez diren parametroek agintzen dutela pentsarazten duen irudia izan da Egunkaria auziari buruzko erabakia hartu bezperan. Guardia Zibilak Gaztesarearen kontra egin duen operazioak utzitako argazkia esanguratsua da oso. (...) Guardia Zibila izan da hasieratik Egunkaria auziaren atzetik, eta badirudi erakutsi nahi izan duela une honetan bere boterearen itzala noraino iristen den. Hemendik aurrera babes handia beharko dute auzipetuek bidegabekeria handitu ez dadin epaiketarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo