GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

ARGIA Iñaki Zubeldia

Utz gaitzazu bakean, Ares jauna

Azken bolada honetan, Ares jaunak ertzainei langintza frenetikoa jarri die herriko tabernetatik, kaleetatik eta hainbat etxetatik euskal presoen argazkiak kentzen. Udalak ere behartu nahi ditu lan horietara, azkar, 24 orduko epean. Hori egin ezean, bere agintekeria eta zigor hipotetikoak gainean izango dituztela mehatxu egin die.

Honek denak egoera baretu eta bakezko konbibentzia suspertu beharrean, liskarrak, isunak, egonezina eta hainbat jenderen espetxeratzea ekarriko du ziur aski. Eta badirudi hori lortu nahi dela «de los nuestros» ez direnen artean. Hogeitalau orduko epean kenduko ote dituzte Zigor Goikoetxearen etxetik «españolitoen» mehatxu higuingarriak? «Viva España terrorista» jarri zuten beste hainbat perlen artean. Hori ote da Ares jaunak lortu nahi duena? Norbaitek -GAL berriren bat ote dabil solte?- idatzi duen «España terrorista» hori gailentzea euskaldunon gainetik?

Giroa nahasten ari da, sorginen ehiza inpunitatez zabaltzen eta txinatarrek uigurren artean sortu duten egonezina eta etsipena barreiatzen ari dira dosi neurtuetan. Ertzaintza bera ere joko horretan erortzen ari da gazte euskaldunei esanez: «Ahora han cambiado los tiempos. Ahora está Ares». Badakit ertzain guztiak ez direla estrategia horren bultzatzaile eta aldeko, baina hainbat jokabide prepotente aurrera eramaten badira eta inork ez badu horren zilegitasun eza adierazten, jendeak interpretatzen du Ertzaintza osoak apoiatzen duela bide arriskutsu hori. Nola uler daiteke Bilboko gazte horren bahiketa ilegal eta terrorista, bi edo hiru aldiz, kolaborazioa eskatzeko, eta hori salatzen duenean, benetan atxilotzea ustezko ez dakit noizko ekintzak direla-eta. Oso bide oker eta arriskutsutik abiatu da estrategia hori diseinatu duen deszerebratua.

Udako oporrak eta herrietako festak datoz eta hainbat jendek bere lagunen argazkiak jarriko ditu plaza publikoetan, elkartasuna adierazteko eta egoera justuago bat eskatzeko. Patxi Lopez lehendakaria eta beste hainbat buruzagi sozialista ez al ziren joan Vera eta Barrionuevo espetxean zeudenean bisitatzera eta beren elkartasuna adieraztera? (...)

Ares jauna, elkarbizitzaren izenean, utz gaitzazu bakean udako festetan. Ertzain jaunak, herri honen zerbitzari bazarete, ez zaitezte erori politikari arduragabeen jokoan, eta herritarrenganako begirune osoz bete ezazue zuen lana, suari gasolina gehiago bota gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo