GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Euskal errepresaliatu politikoak gogora ekarriz hasiko dituzte jaiak Beran

Jaiei izena ematen dien San Esteban egun handia bihar ospatuko badute ere, gaur emango diete hasiera Beran herriko jaiei. Eguerdian jaurtiko duten suziriak iragarriko du jaien hasiera. Hortik aurrera, egun osoan zehar herriko edozein txokotan musika zein dantza ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute bizilagunek. Iluntze partean, bestalde, euskal errepresaliatu politikoekiko «elkartasun kalejira» egingo dute herriko kaleetan zehar.

p018_eh.jpg

GARA |

Iragan uztailaren 23tik herriak festa itxura hartua badu ere, gaur botako dute Berako jaien benetako hasiera iragartzen duen suziria.

Hala ere, atzo arratsaldean, herriari jai usaina emanez, hainbat ekitaldi eta ikuskizun izan zituzten Beran. Arratsaldeko lehen orduan, Basatik antolatuta 4x4 ibilgailuen ikuskizuna eta plater tiroa egin zuten Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolaturik.

Iluntzean, bestalde, Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten Eztegara pilotalekura hurbildu zirenek. Gauean, berriz, Berako Gazte Asanbladak antolaturik hainbat musika kontzertuz gozatzeko aukera izan zen Altzateko plazan.

Gaur, bezperak

Sanesteban jaiak ospatzen dituzte Bortzirietako herri honetan, eta egun handia biharkoa izango badute ere, gaurtik bete-betean sartuko dira jaietan. Datorren ostegunera arte, herriko haur, gazte zein helduek gustu guztietako ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute, bai bertakoek, baita hara inguratzen diren guztiek ere.

Gaur, San Esteban egunaren bezperan, eguerdiko hamabiak puntuan botako dute Herriko Etxeko balkoitik jaien hasiera iragartzen duen suziria, ezkila soinuez lagunduta. Gogoz itxaron duten momentua izango da honakoa nafarrentzat, datozen egunetako jaiak iragartzen baititu. Txupinarekin batera, aldi berean, etxeko txikienentzako gozokiak banatuko dituzte.

Behin jaiei hasiera emanda, eguerdi partean, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira Berako kaleak alaitzen, Izadi txaranga eta Ezpelur gaiteroez lagunduta. Txaranga doinuak entzuteko gogoz geratzen direnek, arratsaldeko bostak inguruan San Jose zahar-etxean izango dute Izadi taldeaz gozatzeko aukera. Horrez gain, egun osoan zehar ibiliko da txaranga herriko bazterrak alaitzen eta Berako bizilagunei bere doinuak eskaintzen.

Zertxobait beranduago, herriko ausart eta abilenek beren trebezia erakutsi ahal izango dute kukaina jokoan. Berako bizilagunek gogoz itxaroten duten ekitaldia izaten da honakoa; aurten, beste behin ere, momentu dibertigarria igarotzeko parada izango dute parte hartzen dutenek zein ertzetik begira egongo direnek.

«Errepresaliatuak gogoan»

Iluntze partean, bestalde, «euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasun kalejira» egingo dute. Mukixu zubitik abiatuko dira eta Altzate plazaraino joango dira kalejiran musikaz lagundurik. Bertan, herriko preso zein iheslari politikoak gogora ekarri eta euren senitartekoei omenaldia eskainiko diete Berako bizilagunek.

Ekitaldiaren ondoren, euskal dantzak gogoko dituzten guztientzako moduko ikuskizuna izango da Altzateko kalean. Izan ere, dantza herrikoien erakustaldia eskainiko dute Ezpelur gaiteroekin.

Gauerdian, bestalde, egunari amaiera edo hasiera ona emateko, dantzaldia izango da Altzateko plazan. Giroa alaitzearen ardura Amets Ilunak eta Laket taldeena izango da.

Bihar, egun handia

Bihartik aurrera ere, bizirik jarraituko dute jaiek Beran. San Esteban egun handia izango dute eta udal ekitaldien txanda izango da. Hala ere, herritarrek gozatzeko moduko beste hamaika ekitaldi ere izango dituzte. Musika eta dantza ikuskizunez gain, gauean su artifizialen erakustaldia egongo da.

egun osoan zehar

Izadi txaranga zein gaiteroak herriko kaleetan ibiliko dira, behin jaien hasiera iragartzen duen suziria jaurti ondoren, euren musika doinuez bazterrak alaitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo