GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Musika eta dantza artean emango dute eguna Etxarri Aranatzen

Jaiak txaranga eta gaiteroak goiz-goizetik hasiko dira Etxarri Aranatzeko bizilagunak esnatzen euren musika eta doinuekin. Egun osoan zehar, musika, dantza eta kirol emanaldi ugari izango dituzte gozatzeko.

p019_f03.jpg

GARA |

Atzo eman zieten hasiera Etxarrri Aranatzen herriko jaiei. Eguerdi partean bota zuten sei egunez luzatuko diren festen hasiera iragartzen zuen txupinazoa. Une horretatik aurrera, musika eta dantzaz bete ziren herriko kaleak.

Arañaz elkartearen eguna izango da gaurkoa Etxarri Aranatzeko jaietan. Goizean goizetik sumatuko da bertan jai giroa; izan ere, 08.30etan hasita Jaiak txaranga ibiliko da herriko kaleak alaitu eta bizilagunak esnarazten. 10.30ak inguruan, berriz, gaiteroak hasiko dira kaleak animatzeko lanetan.

Musikariak herriko plazan elkartuko dira jarraian Etxarri Aranatzeko bizilagunekin. Bertan, auzatea egingo dute Gure Etxea elkarteak eskainirik. Horrenbestez, inguratzen diren guztientzat giro ederrean sabela betetzeko aukera paregabea izango da.

Eguerdian, berriz, etxeko txikienei zuzenduriko ekitaldien txanda izango da. 13.30ak inguruan, esaterako, gaztetxoen Mariachi taldeak «Viva México» dantzaldia eskainiko du herriko plazan.

Arratsaldean kirola eta musika

Haurrentzako ekitaldiekin jarraituz, arratsaldeko bostak aldean kale antzerkia egingo da etxeko txikienei zuzenduta. Hain zuzen ere, «Musika Tresnen fabrika» emanaldia eskainiko dute herriko plazan. Ondoren, berriz, gaztetxoenek kanturako trebezia erakusteko parada izango dute Euskaraokean.

18.30ak inguruan, bestalde, herri-kirol erakustaldia izango da. Aizkora apustuan ariko dira Lopez-Erdozia, Larretxea-Goizeder, Jauregi-Katxo eta Dorronsoro-Amillano bikoteak. Harri-jasotzen, bestalde, Aitor Oiarbide ariko da.

Iluntze partean, Gaubela musika taldearen txanda izango da. Herriko plaza alaituko dute euren doinuekin. Hala ere, etenalditxoa egingo dute hamarrak inguruan, zezensuzkoari txanda emateko. Ondoren, gauerditik aurrera jarraituko dute euren musika emanaldiarekin.

ZEZENSUZKOA

Iluntzean Gaubela musika taldea arduratuko da giroa alaitzeaz. Hala ere, 22.00ak aldean atsedena hartu eta zezensuzkoari txanda emango diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo