GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

50 urte eta gero, ikusezina begi bistan

Egin» egunkarian sartu berria nintzelarik eskarmentu handiko kazetari bigak gaztetasuna behin-behineko gaixotasuna besterik ez zela sinetsarazi nahi izan zidaten. 40 urterekin, lunetak tartean, munduari bertze jitea hartuko niola errepikatzen zidaten. Adin horretara heldu naiz, baita justuki gainditu ere. Betaurrekoak maiz erabiltzen ditut, baina kosta ahala kosta, begirada garbia gordetzeko ahalegina egiten dudala aitortu behar diot aholkua eman zidan adiskideari.

Dioptriek sortzen duten irudi lainotsuaren atzean benetako errealitatea irudikatzea ez zait lehen bezain erraza suertatzen, seguruenik; baina begi bizia atxiki eta behakoa urrutira botatzeko ariketa lagungarria da.

Bigarren lankideak kezka handia eragin zidan bost ogerlekoko esaldi hura, danba, aurpegira bota zidanean. Jende multzo handi batean 50 urte dituen emakumea antzemateko errezeta doan eman zidan. Orduan emazte gaztea zenari -hots, neroni- zaharkitu bezain ulergaitza iruditu zitzaion lagunak honela adierazi zuen burutapena: «Taberna batean sartu eta nehork -hots, gizonezko bakar batek ere ez- behatzen ez duen emaztea da 50 urteko emaztea».

Urteak aurrera joan ahala, bost hamarkadetako marka gainditu duen jendea hurbilago sentitzen dudala aitortuko diot lankide-maisuari. Alta, ez dut uste horrek antiojuak eramatearekin lotura duenik. Ikusmira, sarritan, norberaren interesaren arabera moldatzen baita. Finean, ile urdinduak orrazten dituena nork uler -edo agian gorrotatu- dezake aspaldi burusoil dagoenak edota ilea galtzeko bidean denak baino errazago?

Itxurakeriak alde batera utzita, 50 xifra inportanta da. Mende erdia tanta bat besterik ez omen da herri baten istorioan. Ziur al gara horretaz? Edonola ere, norberaren ibilbidean, 50koa mugarri ohargarria bada.

Azken mende erdian gauza askok hobera egin dute. Beste anitz okerrera joan dira. Tamalez. Denboraren jarioa ezin du nehork ukatu. Begietan itsatsita ditugun malkoek noiz igurtzi zain jarraitzen dutela ere ez.

San Inazio egunean «hura zena eta hau ez dena»ren letania. Itsu ala argia da mirailari begiratu eta bera izan zen gazte haren aztarnarik antzematen ez duena? Alta, 50 urte luzetan ikusezina bilakatu nahi izan duten egoera hain da agerikoa. Begiak apartatu beharrean, buruz buru behatzeko denbora aspaldi heldu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo