GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

CDa DVDa balitz!

Informazio-autopisten jendartean bizi omen gara. Omen. Amen. Hori esaten ari zaizkigu behintzat, behin eta berriro, informazioa uniformizazioaren pareko bihurtu nahi dutenak, horretarako era guztietako uniformeez ere baliatuta. Baina bai zera! Finean askoz ere autopista gehiago dira ganorazko informazioa baino. Are gehiago, peaje handiagoa ordaindu behar dugu informazioaren bila gaudenean udalekuan diren seme-alaben bila goazenean baino. Hau mundu petrala!. Horra, orain egun gutxi gazte senegaldar bati espetxean eman diote aterpe, berak bestelako babesik eskatzen bazuen ere. Paperen ezean CD piratak saltzen ei zebilen kalean eta horra! barrura. Top manta edo, horra delitu leporatua, benetako piratakeriari buruzko informazioa ezkutuan gorde dutela. Horra hirugarren munduak lehenengoa omen den honi eman dion irakasgaia: han ez dituzte misiolariak espetxera sartzen kaletik biblia-paperak eskuan top mantan harrapatzen dituztenean. Eta kasu honi askoz ere delitu zantzu gehiago hartzen diot nik!

Baina tira, harira!. Orain egun gutxi ere, Pasaiako Portuko Agintaritzak DVD bat atera du proiektuaren arrosak eta krabelinak ere kalerik kale zabaltzeko. Nik dakidanez ez dute, momentuz sikiera, inor espetxeratu, beharbada eurek ere agintari direlako. Azken batez gazte senegaldarraren CDak ez ziren legezkoak izango, ados, baina barruko musika benetakoa zen behintzat; beste horien DVDa legezkoa izango zen, ados, baina barruan apenas zuen benetakorik. Beno, izan nadin serioa, benetakoa izango zuen bakarra ekoportu horrek antxoa erakarriko duela agintzea da, hori baino ez. Hau mundu petrala!. Bidetik goazela berdin da nora begiratzen dugun eta hamaika hesitzar ikusi beharra daukagu, hau edo bestea iragarri modura agintzen. Informazioa. Baina bidean diren horma-irudi esanguratsuak informazio horri traba egiten omen diotenez ezabatzea hartu dute uniformedun batzuek gustuko lan. Egia esan ez dakit nik zein duten horiek benetan arazo, irudia ala horma bera!. Graffiti balira iraunkorrak lirateke, seguruenik, azken batez graffitia modernitatearen parte egin dute, hormetako piercinga bailitzen, baina pintaketak? copyright ere ez dute eta!. Tira! Euskal Herria kultur kontzeptua bai baina politikoa ez da. Arazoa, beraz, politika kultur gabekoa izatea da. Hezkuntzak ez du hori gaindituko, A gripeak jota baitago, A ereduak jota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo