GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jexux Arrizabalaga Filosofian lizentziatua

Dantzaren eta kantaren apologia

Dantza eta musika herriaren altxorra dira. Bere bizitzaren parte garrantzitsua. Horregatik da garrantzi handikoa bere jabetza izatea, kontsumismo basatia bultzatzen dutenen eskuetan utzi gabe

Dantza ez dugu egiten turistentzako, ez eta ikuskizuna sortzeko ere. Dantza egiten dugu geuretzako, ondo pasatzeko, lasaitzeko, festa egiteko, eta komunikatzeko, harremanak egiteko. Dantzaren bidez askatzen gara, libre sentitzen gara, eguneroko errutina apurtzen dugu. Gozatu egiten dugu, inposatzen dizkiguten moldeak apurtzen ditugu, ezarri nahi diguten rola hausten dugu, aske sentitzen gara, arin. Pertsona apatikoak izateari uzten diogu.

Dantza artea da. Jendarteak zibilizazio guztietan sortu eta erabili duen adierazpidea, eta ihesbidea, droga sano bat bailitzan. Dantza komunitatearen adierazpen sortzailea eta askatzailea da. Komunikatzeko balio du, komunikatzeko dantzan ari denarekin, komunikatzeko iragandakoarekin, orainarekin eta etorkizunarekin. Dantza transmisioa da, iraganetik orainera eta etorkizunera, eta alderantziz. Dantza ez da aerobica edo modan dagoen beste gimnasia mota bat. Dantza gorputza eta gogoa askatzeko da, ez da izerdia ateratzeko bakarrik, baizik eta, sentimenduak adierazteko, armonia eta patxada erdiesteko, alaitasuna, eta tristura ere bai batzuetan, azaltzeko.

Iragan mendeetan Euskal Herrira etorri ziren hainbat idazlek eta jende ospetsuk idatzirik utzi zuen dantzatzen eta kantatzen duen herria ikusi zutela. Zer ikusi ote zuten Voltairek, K.W. von Humbolt eta abarrek herri honetara bisitan etorri zirenean? Seguru asko, Zuberoako pastoralak, Donostiako txistulariak, Arratiako albokariak, Lizartzako dultzaineroak, Lantzeko inauteriak ikusiko zituzten edo eta Iparragirre moduko bardoak, Txirrita eta Urretxindorra bezalako bertsolariak, Platerukoak, irrintzilariak, Zugarramurdiko sorginak, trikitilariak, Laboa moduko jenioak...

Mendebaldeko zibilizazio honen baitan inork inon ikusi al du dantzan eta kantatzen diharduen komunitaterik? Nagusi diren kulturek sortzen duten eredua ez da jendea zoriontsu izatera bideratua dagoena. Kultura anglosaxoia, frantsesa edo espainiarra elitistak, jakobinoak, klasistak, herri txikien kultura zapaltzaileak eta mesprezatzaileak dira. Gutxi batzuentzako egindako operak, kontzertuak, balletak eta beste ekitaldiak eskaintzen dituzte Versallesko garaietako ekitaldietan bailiran. Botereak ez du partehartzailea den kulturarik bultzatzen, parte hartze hori kontsumo gidatu batekin lotzen ez bada behintzat. Kultura handi eta boteretsu hauek jendeari eskaintzen dioten produktua masa ikuskizunena da, maiz, multinazional markek babestua, non subjektua artista edo artista taldea den, eta gainerakoa jendetza anonimoa, ikusle soila eta kontsumista.

Norbanakoak parte hartzeko aukera bakarra ikus-entzunezko euskarri komunikatiboa du, bere bakardadean aukera gutxi duelarik inorekin partekatzeko sortzen zaizkion sentipenak. Bere bakardadean aurkitzen du atsedena, amorrua, bakea, gorrotoa, poza, tristura edo eta beste edozein sentimendu. Ez du komunikatzen, ez behintzat aurrez aurre, bere baitara mugatzen da. Hori da gehienez ere ematen diguna masa-ikuskizun horrek. Eta hori ere ez uneoro. Aisialdietan, gehienetan ez digu ezer ematen. Izan ere, kultura handi hauen hariak mugitzen dituztenek ez dute nahi kontsumismoa besterik. Ez dute beste helbururik, ez bada sortzen eta bultzatzen dituzten produktuak saltzea. Eta sortzen dituzten produktuak ez dira gure gozamenerako pentsatutakoak, ez dira askatasunean bizitzen lagundu ahal digutenak, ez dira komunikatzeko, salbuespenak salbuespen. Gainera, zerbait esaten digutenean, sarritan iraganeko kritika gloriosoetan (Vietnamgo guda, 68ko maiatza, hippyen mugimendua...) dute erreferentzia. Gehienetan, hutsaren hurrengoak dira kultura handi horien baitako obra handiak. Ez dute emantzipatzen laguntzen, ez dute gaitasun kritikorik garatzen, ez dute errealitatea hausnartzen laguntzen, ez dute entretenitzen, ez dute ezertarako balio, ez bada lo-kuluxka egiten laguntzeko.

Dantza eta musika herriaren altxorra dira. Bere bizitzaren parte garrantzitsua. Horregatik da garrantzi handikoa bere jabetza izatea, kontsumismo basatia bultzatzen dutenen eskuetan utzi gabe. Gaitasuna eskura izan behar dugu adierazpide hauek momentura egokitzeko, baita jaiak egiteko garaian ere.

Kuba, Kolonbia, Venezuela, Jamaika... Karibe guztia dantza eta musika etengabea da, sortzailea, alaia, zaharra eta berria. Andeetan, bere tristura eta guzti, kitxua eta aimara kulturetan bezala, nonahi da dantza eta musika. Afrika zoratzekoa da, ekialde guztia ere bai. Mundu guztia da Mendebaldea baino autentikoagoa.

Uda garai ederra da dantzatzeko eta kantatzeko, lagun artea egiteko. Diberti gaitezen, beraz, jai euskaldun eta herrikoietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo