GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Baionako bestak

Karrika, plaza eta elizak, musikaz blai

Euriak Baionako jaien egitarauan barneratzea erabaki zuen atzo. Goizeko bero zaparen ostean, arratsean egin zuen agerpena euriak bestazaleak atertzera behartuz. Halere, jaiek aurrera jarraitu zuten. Goraipatzekoa da aurtengo bestetan musika inoiz baino garrantzi handiagoa izaten ari dela.

p016_f02_97x120.jpg

Ainize BUTRON

Mota guztietako musiken elkargune izaten ari dira Baionako jaiak aurten. Ostatuetatik zabaltzen diren munduko musika ospetsuekin batera, han-hemenka erritmo eta giro anitzak aldizkatzen ari dira karriketan. Gaur ere hala izango da. Horrenbestez, bakoitzak bere gustura girotzeko aukera du. Orotara, kaleak animatzeko mila musikari bildu dira hirian bandak, txarangak, gaita-jotzaileak eta txistulariak kontuan hartuta.

Musika guztien artean, euskal tradizioari loturikoak izan dira arrakastatsuenak. Thiers karrikan kokatutako Karrikaldi gunean, euskal kantuak, dantzak eta doinuak bildu dira. Ostegunaz geroztik, arratsaldeko lau eta erdietatik gauerdira arte, egunero milaka lagunen elkargunea bilakatu da Karrikaldi.

Euskal Herri osoko dantza ikusgarriak eskainiz, bestazaleei euskal kantekin eta dantzekin jaian zuzenki parte hartzeko gonbita egiten zaie. Baionan Kantuz elkarteak, gainera, urtean zehar hilean behin Baionako merkatuan antolatzen dituen kantu elkarguneak egunero errepikatzen ditu jaietan Karrikaldin. Atzo, adibidez, bertaratzerakoan guztiak euskal kantuen liburuxkak eskuetan aurkitu genituen. Euskaldunak eta kanpotarrak, guztiak kantuari lotu ziren ordubetez, baita euskaraz ez zekitenak ere.

Halere, kantuari lekua utzi aurretik, Dantzazpi deitu ekimena nagusitu zen euskal dantzen urratsetan trebatzeko aukera emanez. Euskal kulturak erakarrita Karrikaldik milaka lagun erakartzen baditu ere, karriketan zabaltzen diren musiketan ere egungo euskal musikarien doinuak preziatzeko aukera izan zen.

Bestelako girorik ere aurki zitekeen atzo Baionako bestetan. Izan ere, aurtengoan, lehen aldiz, herriko fede ezberdinen egoitzek ateak zabaldu dizkiote musikari.

San Izpiritu auzoko sinagogak, gaur, arratsaldeko bostetan, Beñat Achiary kantaria eta Philippe de Ezkurra trikitilaria bilduko ditu. Atzo, berriz, Baiona Handian kokatuta dagoen tenplu protestanteak ireki zizkion ateak publikoari. Eta, aurreko egunetan, San Izpiritu auzoko elizan eta Baionako katedralean mota bereko ekimenak izan dira.

Jaietan giro intimista preziatzeko aukera emateaz gain, eguneroko hitzordu horiek beste erakargarritasunik ere izan dute Baionako herritarrentzat. Izan ere, sinagogan eta tenplu protestantean gutxitan barneratzeko aukera dutenez, beraien herrian bertan turismoa egiteko aukera izan dute.

Christian Achigar Espainia karrikako bizilaguna egunero hurbildu da ekitaldi horietara, eta guztien artean gehien erakarri duena sinagogakoa izan dela onartu zuen. «Ez dut sekulan sinagoga bisitatzeko aukerarik izan orain arte. Kontzertu bat bertan ikustea magikoa da», erran zuen.

Horiek horrela, orduz ordu, kontzertu eta dantzaldiek Baionako guneak alaitzen dituzte. San Izpirituko Errepublika plazan, arratsero jazz doinuak eta Afrikako edo Hego Amerikako doinuak nagusitzen dira «Hegoaldeko dantzaldiak» ekimenean.

Baiona Handian, berriz, hainbat talde plazaz plaza aldizkatzen dira: Samain, Aistrika, Klein eta Errobi Kanta. Horrez gain, Errobiko jaialdiko antolatzaileak urteroko kokagunea berreskuratu dute Armonia Mundi saltegiaren parean.

Euria nagusi

Aurreko egunetako bero zapak euri zaparradei utzi zien lekua atzo arratsean. Hori dela eta, giroa aldatu egin zen. Euriak, gainera, eguneko zenbait animazio bertan behera utzi zituen.

Eguerditik goiti, Segik Gazte Eguna antolatua zuen Patxa plazan. Arratsalde osorako animazioak prestatuak zituzten. Bazkaltzen ari zirela, aldiz, euria hasi zen eta, ondorioz, plazako animazioak bertan behera utzi eta estalitako leku batera joan beharra izan zuten.

Txaranga eta bandek ere beraien ibilbideak hein batean aldatu behar izan zituzten. Karrika guztiak etengabe zeharkatu ordez, babeslekuetan atertzen aritu ziren, musika doinuak leku bakar batzuetara mugatuz. Musikariekin batera, zuri eta gorriz jantziriko bestazaleek ere gerizatzearen hautua egin zuten, karrikak nolabait hutsik utziz. Baina egitaraua ez zen baitezpada kalteturik geratu, eta bestak berean jarraitu zuen. Traineruek, esate baterako, arratsaldeko lauretan Aviron kirol taldearen egoitzan elkartu ziren tenorez, eta urteroko Errobi ibaiko estropada bururaino eraman zuten.

Korso argitsua

Atzo iragan zen ere Baionako besten hitzordu nagusietarikoa: Korso argitsua. Herritarrek urtean zehar eraikitako orgen desfile argitsu hori, 1932an abiatu zen. Geroztik, herritarren ikusgarri preziatuena bilakatu da. Atzo, hamarretan abiatu ziren San Izpiritu auzotik orgak, Herriko Etxera arteko desfilea abiatzeko.

Txarangekin tartekaturik, gurdien eraikuntza lanetan aritu direnek beraien obrak azaldu zituzten. Aurten, herriko bestetako komisioak «Film handiak eta zinema» gaia aukeratu du. Bederatzi elkarte izan dira aurtengoan parte hartu dutenak.

Orgak kamioi handietan eginda zeuden, eta parte hartzaileen apaindura ezin koloretsu eta ederragoak zituzten; hala, euripean zain zeuden ikusleen txaloak eta miresmena eragin zituzten. Peter Pan, King Kong, Hiru Mosketeroak edo westernetako indiar eta bakeroak ikusi ahal izan zituzten herritarrek.

Jaien komisioak Korsoa eta zubiko bi ibaiertzetako desfilea lotu zituen egitaraua aurkezterakoan. Izan ere, 1932an asmatutako Korsoarekin lotuta, bi ibaiertzen arteko desfile ikusgarri batekin tradizio berria sortu nahian dabiltza.

Hitzordu tradizionalak aipagai ditugula, egunero Baiona Ttipiko San Andres plazan egiten diren zezen lasterraldiak nabarmentzekoak dira. Egunero, milaka lagun elkartzen da zezenaren aitzinetik edo gibeletik lasterka ibiltzeko. Eremu itxi batean antolatuta lasterraldiak, ezinbesteko hitzordua dira arratsaldean Baionako jaietako jarraitzaile amorratuentzako.

Baionako herritar askok dituzte zezen lasterketa horietan gertatutakoen anekdotak gogoan. Zezen batek lasterketatik ihes egin eta ostatuetan zehar ibili zen urte hura, adibidez, baionar ugarik dute gogoan.

Gaur izango da jaien azkeneko eguna. Lehen egunen lasaitasunaren ondotik, asteburuaren hasierak bestazale kopuruaren handitzea eragin du. Ostiral gaua, hala ere, atzokoa baino jendetsuagoa izan zen. Donadoen izeneko gaualdiak jendea trumilka bildu zuen karriketan, eta kaleetan gora eta behera ibiltzeko zailtasunak ere izan zituzten herritarrek. Atzo goizean Baionan bildutako jende kopurua ikusita, arratsean berriz ere bera gertatutako zela zirudien, baina azkenean euriak horrela izatea eragotzi zuen.

Gaur, berriz, bazkari herrikoia izanen da. Hain zuzen ere, Patxa plazan egingo da eguerdian. Jaien azken egunean, Iruñeko hiria izango da Baionako bestetako gonbidatua; hala, goizean, San Andres elizan banden meza egin ostean, banda guztiak desfilean abiatuko dira udaletxera. Bertan, Leon erregearen esnatzearen azken zeremonian parte hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo