Esti Amenabarro Iraola Villabonako herritarra
Maite zaitugu, Remi
«Gazteago esnatzen da goizero pertsona ona»
Jose Marti
Remi esnatzen denean gure oroitzapen minduan, gure oroitzapen oraindik urratuan, faltak betetzen ditu billabonatarron etxeak. Beste guztion penak gozotzen zituen laguna, mila aldiz ohore zure bihotz erraldoiari. Beste guztion arazoei buru egiten zien ordezkari duina, aintza zure bular lehertuari. Entzun zenituen azken hitzak, ordenaz arduratzen omen diren miserableen laidoak eta burlak, horiek ez hartu kontuan: entzun gure negarrak eta gure harrotasuna! Koldar horiek esandakoak eta egindakoak ez itzazu zurekin eraman: eraman itzazu gure musuak, malkoz gaziak!
Remi jaikitzen denean gure oroitzapen suminduan, eta esaten diogunean ez dagoela eskubiderik, hogeita zazpi urte zituela, dena bizitzeko oraindik, irribarre egiten digu: gehiago bizi izan naiz ni hogeita zazpi urtean, beste asko bizi guztian baino. Remi beretzat eta ingurukoentzat bizi izan zen, horregatik bizi izan zituen guztion bizitzak batera. Horregatik da orain oinazea hain sakona, eta ondoren izango da gomuta hain oparoa.
Remi abiatzen denean udaletxera gure oroitzapen xamurretan, han dauka zain bukatu gabeko lana, hurrengo ardura. Burutu gabeko amets zati horietan guztietan ere bere marka igartzen da oraindik: konstantzia, metodoa, elkarrizketa, gustua, maitasuna. Asko ageriko ekintzak izan dira, beste asko bulegoko lan isil eta esker txarrekoak. Botere goserik gabe egindako lan hori guztia, denon artean jarraituko dugu. Beharra dutenak lagunduko ditugu, umiltasunez. Herriko Etxean hil kaperaren aurrean nabaritu dugu halako sentipen arraro bat, zor baten antzekoa. Eta erabaki dugu, guztiok batera eta bakoitzak bere baitan, zuk egingo zenukeena egitea, segitu, ahitu gabe, borroka eder eta luze honetan.
Eguna sartu eta gero, Remi etxera itzultzen denean gure oroitzapen alaietan, ileak lazten zaizkigu neska lagunarengan eta sendiarengan pentsatzen dugunean. Jakin dezazuela horrelako gizona, horren amultsua, soilik sortu ahal izan dela, eta hazi, eta aberastu, euskal familia zuzen eta maitabera batean. Orain gogorra izan daiteke onartzea, baina betetasun horrek bizitza guztian lagunduko dizue, San Inazio egun guztiak gozatuko dizkizue zertxobait. Villabonako herriak akorduan edukiko zaituzte beti.
Eta Remi badoanean kalean behera gure oroitzapen sinesten zailetan, kalean jendeari kasu egiten dionean, ohartzen gara erraza zela guztiz mutil hura maitatzea, erraza ezagutzea, eta ezinezkoa izango dela ahaztea. Beti umoretsu, beti baikor, momentu itzelak oparitu dizkigu. Beti minutu bat edozeinentzat, heriotzaren orduan bertan ere maitatzeagatik isildu nahi izan zuten.
Isildu nahi izan gaituzte. Jai egunetan ez dute bakerik hartu harik eta bortxak herriko seme bat eraman duen arte. Remi: maitatzeagatik eraman zintuzten heriotzaren ahora, eta gezurra bota dute zure gainera gero. Uste dute guk ez dakigula, edo ezin esan dezakegula, zergatik geratu zitzaizun bihotza betiko. Baina ikusi duzu udaletxean, zure bigarren etxean, zintzilikatu duguna? Bihotza itzali zizutenek ez dute sekula zure irribarrea itzaliko. Maite zaitugu, Remi, eta beti maiteko.