Ez gripearen beldurrak, ez krisiak ez dizkigu udako oporrak galaraziko
Aurtengo oporrak merkeagoak edota motzagoak izango diren arren, bidaia agentziak beteta daude egun hauetan. Hala eta guztiz ere, aurreko urteetan baino zalantza gehiago dugu, eta aurretiaz prestatu beharrean, azken momentuko eskaintzen bila joaten omen gara.
Iñaki SALABERRI
Ez dugu gogoko etxean geratzea udan, eguraldia hobetuta oporrak eduki ohi ditugunean, urte osoan lan eta lan ibili ostean. Horregatik aukeratzen ditugu udako hileak bidaiak egiteko, krisiak krisi eta mundu osora zabaltzen ari den gripea gorabehera. Denok dugu gustuko inoiz ikusi ez dugun paisaiaz gozatzea, eta kultura berriak ezagutzea, zapore ezberdinak dastatzea... eta langileak garela ahaztea, egun batzuetan bada ere! Gainera, beharrezkoa da urtean zehar jasandako tentsioa baretzea, iratzargailuaren kezkarik gabe lokartuz, edota hondartzan egonda. Aurtengo udan ere, besteetan bezala, oporretan joango gara. Besteetan baino gehiago aurreztu nahiko dugu, egonaldiak murriztuz edo gutxiago gastatuz. Gehienbat abuztuan bidaiatuko dugu eta toki ezagun eta hurbilekoak nahiago ditugu. Eskaintza bereziren baten bila azken unera arte itxaron ere egingo dugu, eta zalantza asko edukiz gero, agentziatik agentziara ibiliko gara. Baina, azkenean, Euskal Herriko telefono konpainia ezagun baten iragarkian bezala, Mediterraneo aldea kolonizatzera jotzen dugu.
Agentzien iritzia
Gasteizko erdigunean dagoen Eroski Bidaiak agentzian galdetzean, «jendeak bidaiatzen jarraitzen du, baina oporraldiak murritzagoak dira; lehengo hamar edo hamabost egunerako egonaldien aldean, orain zazpi edo hamar egunerako hartzen dute» erantzun digute. Krisiagatik izango ote den galdetzean azaldu dutenez, «gehienbat urtean zehar dauden zubi eta jaiegunetan nabaritu da, udan zehar ez hainbeste». Gainera, galdera asko egiten ditu bezeroak, «bi baten prezioan» edo «haurra dohainik» bilatu nahian, eta horretarako, konparaketak egiten ibiltzen dira kontsumitzaileak; baina horrek ez du ziurtatzen eskaintza hobea aurkituko duenik. Horrek guztiak aurretiaz prestaturiko bidaien kontratazioa murriztu du, azken orduko eskaintzen mesedetan. Hori bai, bidaia agentziara doana erosteko asmoarekin doala azpimarratzen dute. Tokiei buruz galdetzean, zalantza izpirik gabe erantzuten dute zein diren jomuga nagusiak: Salou eta Benidorm, «Costa Brava» deiturikoa hain zuzen. Hala ere, zenbait tokik eusten diote lehengo mailari, hala nola: Asiako hego-ekialdea, bereziki Tailandia, eta Ameriketako Estatu Batuak, maizenik New York. Ezin dira «pack» delakoak ahaztu, azkenaldian hain sonatuak egin diren erosketetarako, ibilaldietarako, kirola egiteko edota familiartean jarduera ugari egiteko bereziki antolatutako bidaia erosteko joera oso gaurkoa baita, eta merkeagoa ere bai. Bestalde, Internetetik erostean ez da gehiago aurrezten (gehienetan ez behintzat), nahiz eta erosoago izaten den. Azkenik, Karibe eta Erdialdeko Amerikari buruz sor litezkeen kezkak direla-eta, «uda ez da garairik hoberena, eguraldia ez da hain ona eta laster izango da urakanen garaia» azaldu digute, «orain, Kariberen ordez eskatzen digutena Menorca da, eta inguruko irlak ere bai».
Halcón bidaia agentziara jotzean, azken uneko eskaintzen eskaera asko handitu dela adierazi digute. «Krisia ez da hainbeste nabaritzen», baina erreserbatzeko askoz gehiago itxaroten dela gaineratu dute. Beste agentzian bezala, oporretarako hil nagusia abuztua dela azaldu dute hemen ere: «Aurreko urteetan irailerako eskaera askoz handiagoa zen, baina aurten abuztuak bildu du eskaera hori ere». Gogokoenei buruz galdetzean, Kanariak, Balearrak eta Kataluniako kosta aipatzen dituzte. Bidaiatzeko era nagusia hegazkina bada ere, itsasontziak gora egin duela (nahiz eta orokorrean espero baino garestiagoak izan) nabarmentzen dute, eta Europarako bidaiek izan duten beherakada ere bai.
Korkula Tour agentzian, aldiz, aurretiaz prestaturiko bidaien garrantzia aipatzen dute, maiatz eta ekainean erreserba asko izan dituztelako. Bestalde, «ideia argirik gabe ere etortzen da jendea, azken orduko eskaintzen bila» adierazi dute, argitzeko «Mallorcara joan nahi duenak Lanzaroterako bidai merkeagoa aurkitzen badu, hara doa» esanez. Jarraian, Karibek eta Erdialdeko Amerikak duten erakargarritasuna goraipatu dute, «gripeagatik asko merkatu dira prezioak, eta Kanariak baino ehun euro gehiagogatik Karibera joan zaitezke». Nora joaten garen galdetzean, «batez ere, uharteetara» erantzun dute, Kanariei zein Balearrei buruz ari dela, eta oporretarako gehienok aukeratzen dugun aldia abuztuko bigarren hamabostaldia dela adierazi dute, zalantza izpirik gabe.
Oraindik goiz bada ere, kexa kopurua ez da asko aldatu aurreko urteekin alderatuta, eta kasuistika ere oso antzekoa da, Euskal Kontsumitzaileen Antolaketaren esanetan. Kexa gehienak telefono konpainiek eta bidaia konbinatuek (bidaia gehi ostatua) eragiten dituzte, kontratua ez betetzeagatik.
Arazoak ekidin eta eskaturikoa lortzeko, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak hainbat gomendio eta argibide proposatzen ditu, hala nola: propagandan aurkezturikoa betetzeko eska daitekeela kontratua balitz bezala, eta horregatik kontratua bezala informazioa ere biltzea eta gordetzea komeni dela; Internet bidezko eskaintzak faltsuak edota diruditenak baino garestiagoak izan daitezkeela kontuan hartzea; kexa eragin duen gertaera jazo eta berehala aurkeztea erreklamazioa edo kexa, arazoak saihesten lagun dezalako. Horretarako, hiritarren edo kontsumitzaileen bulegoetara jotzea gomendatzen dute. I.S.