GARA > Idatzia > > Mundua

Estatu espainolean arrazakeria «ikusezina» dela salatu du AIk

Amnesty Internationalek Estatu espainolean arrazakeria «ikusezina» dela ohartarazi du. Nazioarteko erakundeak larritzat jo ditu datu hauek eta Estatu espainola eraso xenofoboak dokumentatzen ez dituen herrialde bakanetakoa dela jakinarazi du.

GARA |

Amnesty Internationalek, Estatu espainolean arrazakeria ofizialki «ikusezina» dela salatu du. Gertakari arrazista eta xenofoboak artxibatzen ez dituen herrialde bakanetakoa dela gaineratu du nazioarteko erakundeak.

Estatu espainoleko Amnesty Internationaleko zuzendari Esteban Beltranek adierazi duenez, arrazakeriari dagokionez, eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, Estatu espainolaren egoera kezkagarria da. Horren harira, Estatu espainolean izan diren gobernuek egindako immigrazio politikek oinarrizko eskubideak urratzen dituztela ohartarazi du. Europako gainerako herrialdeetan ez bezala, Estatu espainolean ez da ofizialki dokumentatzen eskoletan, aisialdi eremuetan zein komisarietan gertatzen dena. Beltranek adierazitakoaren arabera, Estatu espainolak behin bakarrik eman du gertakari arrazisten berri. Eta EBko Oinarrizko Giza Eskubideen Agentziari emandako datuen arabera, 12 eraso arrazista inguru gertatu dira; Gobernu britainiarrak, aldiz, 55.000 eraso jaso ditu datuetan. Datu hauen arteko aldea nabarmendu du AIk.

Bestalde, Beltranek jakinarazi duenez, AIk Estatu espainolera iritsi nahi duten Mauritaniako etorkinek jasaten dituzten erasoen inguruko informazioa bildu du. Eraso horien erantzuleak Mauritaniako agintariak direla eman du aditzera Beltranek. Era berean, Mauritaniako eta Estatu espainoleko gobernuek, «etorkinen irteera eragozteko» elkarlanean dihardutela adierazi du.

Halaber, krisiaren ondorioz, Estatu espainolera etorkin gutxiago iristen direla baieztatu du Beltranek. Hala ere, krisi egoerak hobera egiten duenean, immigrazioa hazi egingo dela ohartarazi du. Krisi garaian, eraso xenofoboak areagotzen direla ere gaineratu du. Bere hitzetan, Estatu espainolean eta Europa ekialdeko hainbat herrialdetan hala gertatu da.

De la Vegari gutuna

AIk gutun bat igorri dio Gobernu espainoleko presidenteordeari, Hego Amerikara egin duen bidaiaren karietara oinarrizko eskubideak landu ditzan. De la Vegak Paraguai eta Kolonbia bisitatuko ditu egunotan. Hori dela eta, bere agendan oinarrizko eskubideen inguruko eztabaidari lekua egin diezaion eskatu dio erakundeak.

Alde horretatik, Kolonbian oinarrizko eskubideen defendatzaileen aldeko adierazpena egiteko eskatu diote De la Vegari, eta militarren eta Gobernuaren aldetik jasaten duten jazarpena salatzeko exijitu diote. Horrez gain, Paraguaik indigenak beren lurretatik indarrezko kanporatu izana salatzeko ere eskatu diote.

informaziorik ez

Espainiar Estatuak behin bakarrik eman du eraso arrazisten berri. EBko Oinarrizko Giza Eskubideen Agentziari helarazitako txostenean, gobernuak 12 eraso xenofobo aipatzen zituen; Britainia Handiak, aldiz, 55.000 eraso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo