GARA > Idatzia > > Kultura

Pablo Milanesek irekiko du aurtengo Getxo Folk jaialdia, datorren irailaren 3an

Kubatarraz gain, Quebec aldeko La Bottine Souriante eta raï musika lantzen duen Orchestre National de Barbes taldeek ere joko dute Getxon. Jaialdiak 25 urte beteko dituenez, euskal kantarien omenaldia jasoko du.

A. BILBAO | GETXO

Getxoko folk jaialdiak 25. edizioa beteko du aurten, eta dagoeneko zehaztua du aurtengo egitaraua. Irailaren 3an, Pablo Milanes kubatarrak irekiko du jaialdia. Ezaguna da oso Milanes, Nueva Trova Cubana mugimenduaren sortzaileetariko kantaria, berrogei urteko ibilbidean beste horrenbeste lan plazaratu dituena. Azkena, iaz kaleratutako «Regalo» diskoa.

Biharamunean, irailaren 4an, Quebec inguruko ondare kulturala babesteko eta hedatzeko asmoz orain hiru hamarkada sortutako La Bottine Souriantek hartuko du lekukoa. Eta irailaren 5ean, larunbata, Orchestre National de Barbes taldeak magrebtar doinuak joko ditu Getxon. Youcef Boukell baxu-jotzaileak 1995ean Pariseko Barbes auzoan sortu taldeak jatorri eta etnia anitzeko musikariak biltzen ditu, raï, chaâbia, reggae eta gnaoua musikak ardatz.

Euskal kantarien festa

Igandean, ekimen berezi batek itxiko du egitaraua. «Euskal musika: 25 urte» izenburuarekin, makina bat euskal musikari elkartuko dira Getxon jaialdia bere 25. urtemugan omentzeko.

Parte-hartzaileei dagokienez, Oskorri, Oreka Tx, Mikel Urdangarin, Gose, Maddi Oihenart eta Niko Etxart izango dira omenaldian, eta artista bakoitzak bere errepertorioko lau kantu joko ditu oholtza gainean.

Aipatu kontzertu nagusiak Areetako Geltokiko plazan izango dira, 21.30etik aurrera, eta sarrerak salgai dira dagoeneko (15 euro lehen bi zuzenekoak eta 10 euro azken biak). Aipatu talde nagusiez gain, Erromoko Santa Eugenia plazako karpan 19.00etan hasiko dira musika emanaldiak, eta kontzertu nagusiak bukatu ostean, 23.45 aldera, Munduko Terrazak (Santa Eugenia plaza) ataleko saioek itxiko dituzte jaialdiko lau jardunaldiak, eta horietarako sarrera doakoa izango da.

Musikaz gainera, ohi legez, beste jarduera batzuk ere badira egitarauan: bidezko merkatua, Munduko Terraza (afari exotikoak egiteko aukerarekin), kaleko banden kalejira eta beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo