GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Gasteizko jaiak

Zaramazulori Txosnisaria emanez hasi dituzte jaiak campusaren parean

I.B. | GASTEIZ

Zeledon jaitsi eta bi ordutara abiatu zen, Posta plazatik hasita, unibertsitatean kokatutako txosnak irekitzeko kalejira, baina, egia esateko, egunak dira Gasteizko txoko honetan lanak hasi zirela. Asteleheneko gaua ere bertan eman zuten hainbat lagunek, txosnekin batera karpak jadanik jarrita baitzeuden egun horretarako, eta zaintza lana egin behar zelako.

Izan ere, auzokide eta bisitariei jai eredu parte-hartzailearen berri eman eta egitarau erakargarria eskaintzeko xedearekin, Gasteizko txosnek lan handia egiten dute urtero, eta azken urteetan EHUko campusean lekua topatu duen esparru honek lortu du milaka gasteiztarrentzat jaietako erreferentzia nagusia izatea. Hiriko erdigunetik oso gertu, baina bere kolore eta xarma propioarekin, jende askoren pausaleku izango dira txosnak egun hauetan.

Aurten, inoiz baino agertoki handiagoa prestatu dute txosnagunean, eta bertan joko duten musika taldeak ere ez dira nolanahikoak: Kaotiko -atzo izan zen horiekin hitzordua-, Ekon, Indarrap, Gatillazo... Hauekin batera, hamaika eskaintza, nahi beste jan eta edateko aukera, herri bazkariak, eta «entxosnatzeko» beste hainbat arrazoi.

Erasoaren aurrean, babesa

Arratsaldeko zortziak aldera hasi zen kalejira, eta gunera heldu ostean, 2009ko Txosnisaria emateko unea heldu zen. Duela urte pare bat hasi ziren Gasteizko txosnak sari hau ematen, eta aurten Zaramazulori ematea erabaki dute, elkarte honek Zaramaga auzoan eta hiri osoan egindako lanagatik, eta iragan otsailean jasandako erasoaren aurrean babesa emateko.

Martxoaren 1ean hauteskunde autonomikoak izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta hauteskunde kanpainan, otsailaren 24an, Guardia Zibila Zaramazulon sartu zen, Demokrazia 3 milioi (D3M) hautagaitza abertzalearen boto-paperak bilatzeko aitzakian. Operazio horretan, barruan zeuden hainbat gazte atxiki eta mehatxatu zituzten, eta hurrengo egunean lokala itxi zuten. Hau guztia salatzeko mobilizazio jendetsuak egin ziren egun horietan, eta atzo Zaramazuloko kideek Gasteizko herri mugimenduaren babes hunkigarria jaso zuten.

Autogestioa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, garapen iraunkorra eta euskalduntasuna sustatu nahi dituzte txosnek, eta horretarako hainbat modu bilatu dituzte, hala nola sexu erasoen kontrako txilibituak eta jarrera sexisten kontrako panelak; gutxiago kutsatzeko helburua duten edalontzi berrerabilgarriak; eta edariak euskaraz eskatzeko eta beste hainbat gauza egiteko esaldiak biltzen dituen liburuxka, besteren artean.

EHGAMen eskaera

Jaiak hasi direla-eta, EHGAMek ere bere iritzia eman nahi izan du, eta eskaera bat egin die Gasteizko ordezkari instituzionalei zein herritarrei. Prentsa ohar baten bitartez, Euskal Herriko gay askapen mugimenduak Arabako hiriburuko ordezkariei galdegin die instituzioen izenean ez dezatela parte har, «inolaz ere», jaien karietara antolatutako ekitaldi erlijiosoetan. Edo, antolakunde honen hitzetan, «ez dezatela askatasun sexualaren kontrako erasoaren apologia egin».

EHGAMek, ildo honetan, gogora ekarri du Eliza katolikoak «harreman sexualetan preserbatiboa ez erabiltzea bultzaten duela, harreman hauek direnean ihesarekin kutsatzeko modu nagusia», eta, gainera, homosexualen kontrako «gorrotoa» hedatzen saiatzen da.

Honekin batera, gay eta lesbianen aldeko antolakundeak Gasteizko blusei, neskei, eta hiriko biztanleei, oro har, gogora ekarri nahi izan die jaia eta alkohola ezin direla aitzakiatzat erabili hitz eta jarrera homofoboak, lesbofoboak edo transfoboak erabiltzeko, eta hauek guztiak urteko beste egunetan bezain salagarriak direla.

presoen argazkiak

Gasteizko udaleko garbiketa zerbitzuak, Ertzaintzak lagunduta, Aiztogile kalean preso politikoen irudiekin zegoen panel handia kendu zuen atzo. Hala ere, errepresaliatuak gogoan izango dituzte jaietan. Gaurko herri bazkarian, adibidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo