GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Zer dio Google-ek guri buruz?

Badut Facebooka, baina hutsik dago. Noizbehinka sartzen naiz, lagunek animatuta, bestaren baten ondotik zintzilikatutako argazkiak ikustera. Hala ere, sare sozial horretan egunero ibiltzen denik ezagutzen dut. Irudiak eta mezuak lagunen edo ezagunen artean zabaltzeko erabiltzen dituzte Facebook, Twenty, Fotolog eta antzeko atariak, eta partekatze horren inguruan egin nahi dut, hain zuzen ere, gogoeta. Interneten bidez partekatzen den informazioa zenbateraino da pribatua edo publikoa? Honen kontura, lehengo batean adiskide batek aipatu zidan enpresa handiek langileak kontratatzeko Facebook begiratzen dutela. Haxixa erretzen edo parrandan agertzen badira, ez dituzte hartzen. Google-en azaltzen bagara, norbait gara, baina nor? Gure izena idaztean zer datu agertzen dira?

Bestalde, sare sozialetako irudi ugari iragarkiak egiteko erabiltzen ari dira. «Argaldu 30 kilo» erran eta pertsona lodi baten argazkia erakusten dute. «Etorri gure gimnasiora», tentatzen gaituzte gorputz gihartsu ikusgarriekin. Hala, agentziek merkeago egiten dute lan. Legezkoa da hori? Ikertzen ari dira. Adibidez, zer gertatzen da Facebookeko informazioarekin erabiltzaileak hiltzen direnean? Kontua itxi egin behar al da? Oraindik ez dago ongi zehaztua. Espero ez arren, agian Youtuben ateratzen gara. Edo beharbada uste ez dugun norbait dabil gure posta elektronikoan kuxkuxeatzen. Programa bat omen dago kode batzuekin edozeinen postatan sartzeko modua ematen duena. Gure kontaktuen helbideez jabetu eta birusak bidaltzen dituen jendea ere bada. Legeak ziztu bizian asmatzen ari dira, baina hacker-ak edo tranpa egiten dutenak azkarrago doaz. Hortaz, kontuz ibiltzea komeni da, teknologia berrien alde onak aprobetxatu eta txarrak ez ezagutzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo