GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Sineskeriak

 

Ontzi puzgarria hartu dugu, buru gainean paratu eta hondartzara abiatzeko. Eskuetan otarra, oihalak eta kremak, palak eta sardeak... den-dena barruan sartuta. Oinez ere nekez egiten dugu, horrenbeste tramankulu. Lagun batek jakinaren gainean jarri nau: «Kontuz ontzi puzgarriarekin, txinoetakoa da, ito egingo zara!». Harrituta geratu naiz, halako informazioa nondik atera ote duen. Brankan izkribua ageri du ontziak: «Club 100». Izen dotorea, hondarretan eserita puzteko ontzia izateko. Letra txikiak arakatzen hasi, eta hara: Made in China. Bitxia da Txinako jatorria duten tresna eta zerei jendeak nola antzematen dien, lehen begiratu batez. Beharbada tresnek halako kutretasuna daukatenean, halako handinahi bat, jendeak txinatarrak imajinatzen ditu, mundua beren tresnez engainatzeko konspirazioan, maltzurkeria zikoitzez. Halakoxeak gara: oso azkarrak. Eta badakigu ustez txinatarra ez den oro dela txinatarra, ustez txinatarra dena salbu. Begira iezaiezue jatetxe txinatarrei: ematen duten janaria ez omen de txinatarra. Zuek ere «asko bidaiatutako jendeari» entzungo zenioten, Txinan ez dutela jaten hemengo jatetxe txinatarretan ematen dutena. Alegia, txinatarrek argi eta ozen «hau txinatarra da» esaten dutenean, orduan, justu orduan, hori ez dela txinatarra izaten.

Txantxilloren istorioa ekartzen dit akordura mito honek, kalean ibiltzen zen xilofono-jotzaile maitagarriarena: aberatsa zela, hori zioen herri-jakintzak. Bai, kalean ibiltzen zen jendeari sos eske, euri nahiz elur... baina aberatsa zen! Mundu guztiak zekien, eta xaharra kale kantoian ikusi orduko, xuxurlaka hasten ginen: «Ba al dakizu Txantxillo aberatsa dela?». Gizonak ohe azpian ezkutatutako milioiak zertarako nahi ote zituen, horixe galdetzen diot neure buruari. Txinako enpresaren batean inbertitzeko akaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo