GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etxebarria aske geratu da Venezuelak estradizio eskaera ukatu ostean

Iñaki Etxebarria errefuxiatu politikoa aske geratu da astearte gauean Venezuelak bere kontrako estradizio eskaera ukatu ondoren. Apirilaren bukaeran atxilotu zuen bertako poliziak eta orduz geroztik preso egon da Caracaseko espetxe batean.

p014_f01_148x108.jpg

Manex ALTUNA |

Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak ez du onartu Estatu espainolak Iñaki Etxebarriaren aurka egindako estradizio eskaera, eta, beraz, Algortako errefuxiatu politikoa aske geratu zen astearte gauean. Auzitegiak Etxebarriari leporatzen zizkioten delituak preskribatuta daudela ebatzi du.

Uztailaren hasieran egindako epaiketan fiskaltzak ere argudio berberak erabili zituen Algortako errefuxiatuaren abokatuekin bat eginez.

Izan ere, Venezuelako legeen arabera, Etxebarriari leporatzen zioten ekintza preskribatuta dago, 15 urte baino gehiago igaro baitira Estatu espainolean bere aurkako diligentziak abiatu zirenetik.

Hala ere, Algortako errefuxiatu politikoak 100 egun eman ditu giltzapean. Joan den apirilaren 21ean atxilotu zuen Vene- zuelako Poliziak Tinaquillosen, baina atxiloketa lau egun igaro arte ez zen ezagutzera eman. Hain zuzen, amnistiaren aldeko mugimenduak salaketa egin arte Estatu espainoleko agintariek ez zuten atxiloketa baieztatu.

Fiskaltzak epaiketan eskatu bezala, ikerketa abiatu dute atxiloketaren nondik norakoak argitzeko; estradizio eskaeran atxilotze data eta tokia oker daude eta fiskaltzak azalpenak eskatu zituen.

Etxebarria eta bere askatasunaren alde egin duten komiteko kideak oso gustura agertu ziren atzo Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenaren ebazpenarekin. Errepresaliatu bizkaitarraren atxiloketaren berri izan zenetik, hainbat elkartek adierazi diote babesa eta elkartasuna Venezuelan eta Uruguain.

Horren erakusgarri dira errefuxiatuaren askatasuna eskatzeko Caracasen antolatu diren elkarretaratzeak.

Bere garaian salatu zutenez, Estatu espainolak presio ekonomiko eta diplomatikoak egin dizkio Hugo Chavezen Gobernuari Etxebarria estraditatzea lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo