GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Ander Goikoetxea Arana Villabona

Remiri azken hitzak

Aupa Remi. Aspaldi ezagutu gintuan, gaztetxotatik izan gaituk lagunak Mikelen anaia eta nire anaia Ikerren lagun mina. Gaztetxotatik ezagutu diagu konpromisoa eta lanaren esanahia, udan besteak hondartzara zihoazenean askotan lanera joan behar etxekoei laguntzera, gainera familia aurrerakoietan hezi gaituk eta beti izan diagu herri hau dena baino hobea izan daitekeen ilusioa, inkonformismoa.

Balore hauek eraman hinduten gazterik ezkertiar eta abertzale izatera, lan asko, esker on gutxi eta ilusio asko eguneroko ogia baitira guretzat. Hala ere, bahuen hik zerbait berezia gauzak argi eta garbi esateko gaitasuna, nahiz eta batzuk haserretu inguruko jende guztiak estimatu hau eta argi ikusi duk hori azken egunetan, ilusioa eta poza transmititzeko heukan gaitasuna ezin ahaztu, gauzak sinpleak dituk askotan eta ez zegok buelta asko eman beharrik.

Lana, konpromisoa eta ilusioak eraman hinduen Burgosen bizi hintzen garaian mugimendu gaztelar eta ezkertiarrean parte hartzera, hi ez hintzen beste aldera begira gelditzen diren horietakoa. Jarrera berdinak eraman hinduen Tolosara ikastera itzultzean bertako ikasle mugimenduan parte hartzera eta borroka horretan ezagutu huen ordutik hire ondoan izan duan hire Estitxu maitea.

Azken urteetan lana, konpromisoa eta ilusioa oinarri, ardura berriak hartzen joan haiz hire militantzian, baita hire familiako negozioan ere. Ezin izan huen beste aldera begiratu Udal Taldea osatzeko garaian, hik nahiago izango huen eguneroko lan isil bezain eraginkorrean jarraitu, baina erantzukizuna hire bizkar hartu eta lan eredugarria egin duk herri honen alde. Askotan ez gintuan ados egongo bideetan helburu berak izanagatik, baina argi zeukaat dena eman duala Villabona eta Euskal Herriagatik. Zama handiak izan dituk bizkar gainean, bai sistema sozioekonomiko honen miseriengatik eta bai lan gatazka zentzugabeen ondorioz, hitzez dena konpon zitekeen garaian. Halere okerrena komunikabide intoxikatzaileek eta kolore guztietako poliziek Villabona beren begi puntuan jarria zutela, hori duk estatutuaren semeontzat sistema honek duen ordaina independentzia eta sozialismorantz urrats txiki baina sendoak ematen saiatuz gero.

Lana, ilusioa eta konpromisoa genizkian urte beltz honen hasieran, nirekin eta Mikelekin hitz egin huen egun horietan, erronka latza bota higun, parlamentari izatea alajaina, hi ziur hintzen lan ona egingo genuela, gu biok ez ordea, hire ziurtasun eta konpromisoagatik aurrera egin genian, baina aurtengo otsailaren hasieran justizia banatzen omen duten tribunal batzuek hauteskundeetatik kanpo utzi gintuzten. Ez zekiat nola asimilatu baina ordutik dena okerrera joan duk Remi, hauteskunde egun madarikatu hartan eraman ziaten gure lagun Manex eta hortik hiru egunera Mikel. Gure herriak beste behin maitasun erakustaldi izugarria eman ziean gure herria indarrez hartu zuten anker horiei.

GALen arduradunak Jaurlaritzara heltzearekin biderkatzen joan duk gure lana, konpromisoa eta ilusioaren aurkako errepresioa, ez genian posible zenik pentsatu ere egiten, baina, bai, gure lagunak maitatzea ere delitu bihurtu ditek. Azken asteetan hor izan ditiagu lagun bati emandako jipoia Jon Anzarekin zer egin duten galdetzeagatik, hire arreba Aneri egindako jazarpen poliziala eta herriko jaien barruan falta ditugun lagunen ohorez egin nahi genituen ekitaldien debekua. Hor egon hintzen beste behin ardurak hartu eta etsaiari bizkortasunez erantzun beharra aldarrikatu huen, ezin genian gehiago egin baina barre egin geniean muturrera, minduta gure atzetik jarraitu ziaten eta hire aurka jo ziaten... Beren jarrera ikusita argi zegok, gustura gelditu dituk itxuraz, baina gizatxar horiek ezin diate ulertu hi sortutako enbor beretik sortuko direla besteak, zenbat eta gehiago jipoitu orduan eta indar gehiagorekin altxatuko dela herri hau. Lepoan hartu eta segi aurrera!

Estitxu, Ane, Aiesta, Margari, Katteka, senide eta lagun guztiak, beti zuekin!

Agur eta ohore, Remi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo