GARA > Idatzia > > Mundua

Base militar atzerritarren presentzia debekatzea proposatuko du Moralesek

Latinoamerikako presidente gehienek ez dute begi onez ikusi Kolonbiak Ameriketako Estatu Batuekin sinatu nahi duen akordio militarra. Uriberekin izandako bileran, base militar atzerritarren aurkako neurriak hartzeko proposamena egingo duela ohartarazi du Moralesek.

p024_f01_148x108.jpg

GARA |

Kolonbiak Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) sinatu nahi duen akordio militarrak ezinegona sortu du Latinoamerikako herrialde gehienetan. Hori dela eta, azalpenak eman nahian, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak bilera erronda bat hasi zuen astelehenean, Latinoamerikako hainbat presidenterekin elkartzeko. Lehenengo bi batzarretan Peru eta Boliviako presidenteekin bildu zen, hurrengo egunetarako berriz, Txile, Paraguay, Argentina, Uruguay eta Brasilgo agintariekin dauka zita. Uribe ez da Venezuela eta Ekuadorreko presidenteekin bilduko hauekin zituen harremanak etenda baitaude.

Kolonbiak AEBekin mahai gainean duen negoziazioak tentsioa sortu zuen lehenengo unetik. Brasil, Venezuela, Ekuador eta Boliviak gaitzetsi egin dute Uriberen erabakia. AEBek Mantan (Ekuador) zituzten base militarrak Kolonbian ezarriko dituzte, bi herrialdeok sinatu nahi duten itunaren bitartez. Ekuadorreko presidenteak, Mantako baseak kentzea erabaki zuen agintea hartu zuenean, eta ez du begi honez ikusi bizilagunak AEBetako militarren presentzia onartu izana.

Baseen aurkako proposamena

Evo Morales Boliviako presidenteak hasieratik agertu zuen Kolonbia eta AEBen arteko akordioarekiko desadostasuna eta bere jarrerari tinko eutsi dio Uriberekin izandako bilkuran. Base militar atzerritarren presentzia gaitzesteaz gain, horren aurrean neurriak hartzeko proposamena ere egin du. Hala, datorren abuztuaren 10ean Quiton izango den Hego Amerikako Nazioen Batasunaren (UNASUR) gailurrean, Latinoamerikan base militar atzerritarrak ez onartzeko proposamena mahai-gaineratuko duela adierazi zuen Moralesek, Uriberekin izan ostean.

Moralesen hitzetan, «Latinoamerikan base militarrak onartzea bertako gobernu eta demokraziei erasotzea da». Horregatik, garrantzitsutzat jo du baseak ez onartzeko proposamena onartzea.

Uribe ez da gailur horretan izango, nahiz eta bertako kide izan. Horrek kezka eragiten diola azaldu du Moralesek. Gainera, Uribek beste herrialde batzuekin dituen ezadostasunak, bertan konpondu beharko liratekeela adierazi du agintari boliviarrak. Halaber, Latinoamerikako presidenteen arteko bilera «pribatu» bat egiteko deia egin du Moralesek «egiak esan eta gatazkari irtenbidea bilatzeko».

venezuela

Aurreko astean Hugo Chavez Venezuelako presidenteak Kolonbiarekin zituen diplomazia harremanak eten zituen, FARCi armak eskuratu izana leporatu ziotelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo