GARA > Idatzia > > Kultura

Karrantzako paisaiez osatutako koadroak, bertako zein kanpoko biztanleak artera erakartzeko

Karrantzako auzo, inguru, paisaia eta ohiturak koadrotan iltzatu ditu Angel Ajak. Sestaoko margolariak bi urtetan bere jaioterrian jasotakoak erakusketa batean bildu ditu.

A. A. | DONOSTIA

Nekazari eta abeltzainen lurraldea da Karrantza harana. Bizkaiko udalerri zabalena bada ere, orain artean ikuskizun eta arte erakusketek ez dute leku handirik izan bertan. Sortu berri den kultur etxearekin hutsune horri erantzuna eman nahi zaio, eta bide batez, bertako jendeari artearen mundura hurbiltzeko aukera eskaini. «Gehienak nekazariak dira eta momentu honetan behiak dira euren arazo nagusia. Nahikoa lan badute egunerokoarekin», azaldu zuen Angel Aja margolariak. Lehenengo pauso hori errazagoa izateko antolatu da hilaren 14ra arte zabalik egongo den aurreneko margo erakusketa.

36 lanen bidez, Karrantza hobeto ezagutzeko aukera izango da. Bertako baserri, eliza eta paisaiak jaso ditu Ajak. «Koadro gehiago margotu ditut. Hain da handia udalerria... guztia bildu nahi nuen baina ezinezkoa izan da». Ranero, Ahedo, La Lama, Biañez, Bernales, Sierra edo geltokiko inguruak topatuko ditugu, adibidez. «Uste dut zerbait abstraktuarekin hastea gogorregia izango litzatekeela eta nire lana figuratiboa denez, bakoitzak bere baserria edo bere auzoa identifikatuta, iruditzen zait errazago hurbilduko direla erakusketara».

Aita sestaoarra zuen Ajak, «urte askoan errefuxiatu errepublikarra izan ondoren ez zioten inon lanik ematen eta Karrantzan topatu zuen azkenean», azaldu zuen. Ama bertakoa izanik, Angelek zazpi urte bete arte bizi izan ziren han, eta gero Sestaora joan ziren. «Gerora itzuli izan nintzen aiton-amonak bisitatzera, baina oso oroitzapen gutxi nituen ordudanik», adierazi zuen. «Nire orain arteko lanek lotura handiagoa izan dute labe garaiekin, industria guneekin edo meatzeekin. Nolabait haurtzarora itzultzea izan da eta harana gertutik ezagutzeko aukera eman dit».

Azken bi urte hauetan, astero-astero pintzelak eta margoak aldean hartu eta Karrantzara egin du bisita Sestaotik. «Bertatik bertara margotzeko parada izan dut eta jende asko inguratu zait nire lanaz galdetzera. Egia esan, primeran pasatu dut».

Paisaiak

Koadroetan Karrantzako hainbat txoko eta auzo ageri dira: Ranero, Ahedo, La Lama, Biañez, Bernales, Sierra eta geltokiko inguruak, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo