MUNDUKO ATLETISMO TXAPELKETA
Naroa Agirre eta Mikel Odriozola izango dira euskaldun bakarrak Berlinen
GARA | DONOSTIA
Espero zen moduan, Naroa Agirre eta Mikel Odriozola gipuzkoarrak izango dira abuztuaren 15ean Berlinen hasiko diren Munduko Atletismo Txapelketan parte hartuko duten kirolari euskaldun bakarrak. Espainiako Federazioak atzo eman zuen bere deialdia eta 51 izenez osatutako zerrendan Naroa Agirre, pertika jauzian, eta Mikel Odriozola, 50 kilometroko ibilian, agertzen dira.
Ez bata eta ez bestearen partaidetza ezin da ezustekotzat jo. Naroa Agirrek Espainiako Txapelketa bosgarren aldiz irabazi berri du Bartzelonan 4,30 metroko jauzi batekin. Donostiarrak ezin izan zuen 4,41 metroko altuera gainditu, bere urteko markarik onena izango litzatekeena, eta badirudi Alemaniako hiriburuan helburua hori izango dela, postu konkretuak ahaztu eta ahalik eta markarik onena egiten saiatzea, konfidantza berreskuratzen joateko. Emakumezkoen pertika jauziko sailkatze probak aurreneko lehiaketa egunean egingo dira -abuztuaren 15a, larunbata, 19.00etan hasita- eta finala abuztuaren 17an jokatuko da, astelehenean. Laugarren Munduko Txapelketa izango da Naroarentzat.
Mikel Odriozola, berriz, postu on bat lortzen saiatuko da Berlinen. Espainiako Txapelketan, berea ez den 10 kilometroko proban, bosgarren amaitu zuen Euskadiko errekor berria ezarriz. Argi dago, ordea, 10 kilometroko probak ez duela zerikusi handirik 50 kilometrokoarekin.
Errenteriarraren txanda abuztuaren 21ean helduko da, ostiralean. Lasterketa goizeko bederatziak aldera hasiko da eta kirolariek izaten duten eguraldiak asko baldintzatu dezake lehiaketa horren gogorraren nondik norakoa.