Andre Maria Zuriaren Torneoa
Arretxe II.a eta Beroiz, bi gazte helduenen pare
Luzaideko aurrelariak Urrutikoetxeari irabazi zion eta Uharteko atzelariak finaletik kanpo utzi zuen Retegi.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Aspeko eta Asegarceko arduradunek hasiera-hasieratik bazekiten konfiantza osoz Andre Maria Zuriaren Torneoan pilotari gazteen buruz burukoa jokatzeko aukeratu zituzten lau pilotariak maila handikoak zirela, eta ez zuten hutsik egin asteazken gaueko partidatan.
Lehen norgehiagokan, Julen Retegi Mikel Beroizekin neurtu zen. Bigarrengoak lortu zuen larunbateko finalerako txartela, 22-18 irabaziz. Uharteko atzelariak profesionaletan denbora gutxi daraman arren, erregulartasun handiarekin jokatzen ari da. Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketan lortutako txapelak motibazioa eman dio.
Bi joko estilo ikusteko aukera egon zen. Beroiz pilota botez gogor astinduz aritu zen bitartean, Retegi Bik airez sartu behar izan zuen momentu askotan. Markagailuak 2-5eko emaitza erakusten zuenean, Julenek eskuineko orkatila bihurritu zuen, baina bendak ipini ostean, jokatzen jarraitu ahal izan zuen. Partidaren amaieran, pilotariak berak azaldu zuenez, sakeetan baino ez zuen igartzen mina.
Partida nahiko gogorra eta orekatua izan zen, eta azkeneko txanpan geratu zen erabakita. Julenen bi hutsek eta Mikelen trebetasunak garaipen garrantzitsua eman zion Beroizi.
Beste neurketan, Iker Arretxe eta Mikel Urrutikoetxea aritu ziren aurrez aurre. Partida hau ere oso gogorra izan zen, baina Arretxeri sake-erremate teknikak tanto ugari eman zizkion partidaren bigarren zatian, eta 22-13ko garaipena lortu zuen.
Urrutikoetxeak oso fin hasi zuen neurketa, 0-4 aurretik ipiniz eta pilotakada indartsuak eskainiz, bai eskuinez eta bai ezkerrez. Hala ere, esperientzia faltak -ekainaren 13an egin zuen debuta- ondorioak ekarri zizkion bizkaitarrari, huts dezente egin baitzituen amaieran.
Gauzak horrela, Arretxe II.ak eta Beroizek jokatuko dute larunbatean, 17.45etik aurrera (Tele-5), torneo honetako finala.
Binakakoa, gaur
Gasteizko torneo honen binakakoari dagokionez, Titin III.aren eta Pascualen txanda iritsi da, azken bost urteetako garaileak. Berasaluze VIII.aren eta Mendizabal II.aren aurka neurtuko dira Ogetan 23.00etatik aurrera (ETB-1). Trizioko aurrelariaren urteko garairik onena uda dela erakutsi du azken urteetan, eta horretan jarraitu nahiko du, ondo dabilen Pascualekin.
Aurrean, elkarrekin jokatzera oso ohituta ez dagoen bikotea edukiko dute, Berasaluze VIII.ak eta Mendizabal II.ak osatutakoa. Aurrelari bizkaitarrak Begino izan ohi du bikotekide udara honetan, jaialdi ederrak eskainiz, baina atzelari gipuzkoarrak binakakoetan maila ona ematen duela erakutsi izan du.