KRONIKA | EISTEDDFOD TOPAGUNEA
Handien aurrean, mundura ausart azaldu da euskara Galesen
Euskara txikia bezain indartsua da, distira eta nortasun berezikoa. Mezua lau haizeetara zabaltzeko asmoz egin du bidaia Galesera, Nafarroa Oinez-en eskutik, handien aurrean kikildu gabe.
Oihane LARRETXEA
Hainbat ekimen izaten dira Euskal Herrian zehar, euskara sustatu eta zabaltzea dutenak helburu. Herri ugari zeharkatzen ditu gure hizkuntzak txoko guztietara hel dadin. Horren atzean ikastolek gogotsu ekiten diote, urte osoan zehar lan gogorra eginez. Hala, aurtengo Nafarroa Oinez-ek oihartzun berezia izango duen itxura dakar, izan ere, jaialdiko hainbat antolatzaile Galeseraino heldu dira, Eisteddfod jaialdira, euskara nor den eta nolakoa den aurkeztera.
Uxue Santxo Andra Mari ikastolako guraso da, baita Nafarroa Oinez-eko antolatzaileetako bat ere, eta egunotan «emozio berezi» batek hartuta dago. Britainiako herrialde hartan dabil Europako beste hainbat eremu urriko hizkuntzarekin harremanetan jartzen.
«Bizipen eta informazio trukea da honakoa, oso aberasgarria, bai geuretzat, bai beraientzat», adierazi dio handik Uxue Santxok GARAri.
Euskaldun eta euskal hiztun izateagatik harro dago, baina «hemen bizitzen ari garena are indartsuagoa da, hizkuntza gutxitu bat edukitzeak oso aberats egiten gaitu».
Horrelako bizipenekin hizkuntza handiek, nagusiek, gainerakoei sentiarazten dieten bakartasun hori desagertu egiten da, eta agerian geratzen dira eremu urriko beste hizkuntzek ere egunerokotasunean gainditu behar dituzten zailtasunak.
«Hamaika galdera egin dizkigute, jakin-mina dute, nola egiten diogun aurre bizitzari, egunerokotasunari euskaraz» aipatzen du Santxok.
Eisteddfod erreferentzia garrantzitsua da, hizkuntzaren inguruan egiten den topagunerik handiena delako Galeseko hori.
Komunikabideak Euskal Herrian nolakoak diren, erakundeek euskararekiko duten jarrera, gizartean zein indarra duen... zalantzak askotarikoak dira. Zazpi egunetan 160.000 pertsona baino geihago igaroko dira Galeseko topagunetik.
Galesen egoteaz gain, Txikiak Handi proiektuak egin ditu hainbat bira eskualde ugaritan, eta hala, Herrialde Katalanetan, Okzitanian, Aragoin edo Bretainian, bertakoekin elkartrukean aztertu dituzte herrialde bakoitzean bertako hizkuntza gutxitua hil ez dadin eta indartzeko erabiltzen dituzten bideak.
Santxok ondorio baikorra ateratzen du lan guztiaz. «Itxaropena pizten dute horrelako ekimenek, argi ikusten dugu bidea- ren amaieran eta noizbait euskarak ere izango duela merezi duen lekua munduan».
Elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratzen du Santxok «bakartasuna» amaitzeko, isolamendutik irteteko.
Horregatik, helburuetako bat zen eremu urriko hizkuntzen sare bat sortzea, hauen inguruan beharrezkoa izan daitekeen informazio guztia eskainiz.
Nafarroa Oinez-en webgunean Txikiak Handi izeneko lotura sortu zuten, mundura begira jarriz, eta bertan, euskara bezala egoera berezian diren hizkuntzei buruzko informazioa bildu dute.