GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionan Meskita bat eraikitzearen aurka egin du Paisaien defentsa elkarteak

Hogei urteko borrokaren ondotik lortu du Lapurdi kostaldeko Musulmanen Elkarteak beren kultua bideratu ahal izateko meskita bat. Baionan eraikitzen ari direla-eta, Frantziako Paisaien Defentsa izeneko elkarteak salaketa ezarri du obrak eteteko asmoz.

p016_f02.jpg

Ainize BUTRON

Lapurdi kostaldeko Musulmanen Elkartea 1989an sortu zen. Arabiar kultura eta hizkuntza, eta erlijioa gazteei irakastea izan zen beraien helburua, baina musulmanen artean elkartzeko eta otoitz egiteko gune bat lortzea ere bai.

Sortu zenetik, tradizioz judua den Baionako Santespiritu auzoan kokatu zen elkartea, eta beren helburu nagusia zein den hasieratik azaldu zuen: Ipar Euskal Herriko musulman guztiek kultua baldintza hoberenetan bideratu ahal izateko meskita eraikitzea. Garaian ere, herri agintariek beraien aldarrikapena kontuan hartzen ez zutela ikusirik, diru bilketa kanpaina bat egin, eta lursaila beren kabuz aurkitzea erabaki zuten kideek.

Urteak aurrera joan, eta, azkenean 2008an, musulmanek gurtzeko «askatasun» osoa izateko meskita bat eraikitzeko lur eremua lortu zuten. Obrak jada aurreratuak direla, berriki, Frantziako Paisaien Defentsa izeneko elkarteak eraikinaren aurka salaketa jarri du Paueko administrazio Auzitegian. Ekimen horren bidez, Hiriburun egoitza duen elkarte horrek meskitaren obrak bertan behera uzteko eskatzen du.

Hogei urtez, Musulmanen Elkartea etengabe komunikatzen aritu da aldarrikapen horren inguruan, eta meskita sortzeko erabakia hartu zelarik ere Jean Grenet auzapezak horren berri eman zuen. Alta, Louis-Pierre Clementi Paisaien Defentsarako lantal- deko kideak, salaketaren arrazoia aipatzerakoan, egitasmo horren inguruan izandako informazio eza nabarmendu zuen: «Herritarrak ez ziren jakinaren gainean, guztia isilpean egina izan baita. Horregatik dugu orain salatu». Elkarteak formaren aldetik hutsuneak ere badirela argitu zuen. Obrak egiten ari diren gunean bertan meskita bat eraikitzekotan direnik adierazi ez izana nabarmentzen du. «Eremuaren atean argi jarri beharko luke zer eraikitzen ari diren, alta `gurtzarako eta kultur jarduerako gunea' baizik ez du adierazten», salatu du.

Musulmanek diru bilketa kanpaina bultzatu zuten 2003an. Bildutako diru horrekin lortu zuten Udalak proposaturiko lur eremua erostea. Udalak, bere aldetik, metro karratua hamar euroan saldu zien. Orotara, 2.000 karratuko eremua biltzen ditu, eta meskitak berak 500 metro karratuko zabalera izango du. Prezio apaltze horri begira, Clementik «Errepublikaren laikotasunaren» garrantzia izan du hizpide. «Herri agintariek ez dituzte erlijioak lagundu behar, edozein izanik ere. Lurzorua metro karratuko hamar euroan salduz, Udalak oparia egin dio Euskal Kostaldeko Musulmanen Elkarteari», gehitu du.

Horrez gain, Paisaien Defentsarako lantaldeak bere ezadostasuna azaldu du eraikina bera dela-eta, bereziki, dorre edo minaretea eraikitzeari dagokionez. Louis-Pierre Clement kidearen iritziz, Baionan eraiki nahi duten meskita Europan Islam erlijioak gauzatu nahi duen ezarpenaren zutoin bat besterik ez da. «Ulertezina da. Herrietan ezkilak isilarazi dituzte auzoak ez molestatzeko, alta onartzen da meskitako muezzinak goizeko bostetan itzartzea musulmanak otoitz egitera deitzeko», esanez bukatu du.

Ezagutzarako gunea

Abdou Diakhité Musulmanen Elkarteko kideak beren egitasmoaren aurka jarritako salaketarekin lasai agertu zen. «Bakoitzak nahi duena pentsatzeko aukera du», esan du, baina meskita eraikitzeko eskaera eskubide bat dela nabarmendu du.

Musulmanek otoitz egiteko baliatzeaz gain, meskita Islama ezagutarazteko gune bat izatea nahi du Diakhitek. «Askotan nahasketa bat dago Islam eta islamismoaren artean», argitu zuen. Muezzinari dagokionez, musulmanen elkarteko kideak musulmanek meskitara joateko ordutegiak badakizkitela gogorazi du: «Ez dute deituak izan beharrik, are gutxiago musulmana ez den inguru batean».

Meskita eraiki bitartean, musulmanak ZUP inguruan elkartzen dira otoitz egiteko.

 
MEHATXUAK

Eraikina egiteko obraz arduratzen den arkitekto bulegoak mehatxu gutunak jaso izan ditu lanak hasi zituztenetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo