GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Hendaiako Euskal Jaiak sardina gustuarekin hasi ziren atzo, eta gaur, aldiz, zuberotar airea izango da

p019_f03_88x60.jpg

GARA |

Hendaiarren hitzordu nagusia dira Euskal Jaiak, edo bertakoek dioten eran, Herri Bestak. Atzo hasi eta bihar bukatuko dira, eta tartean dantza, musika, kirola... izango dira, eta jan-edana ere ez da faltako. Horrela hasi ziren atzokoan bestak, Kaneta portuan sardina jana eginez, giro ederrean, eta sabela ondo bete eta gero, euskaldunon beste zaletasun bati bidea egin eta kantuarekin jarraituz. Jaien hasiera ofiziala 20.30ean izan zen, baina ordurako giroa berotzen aritu ziren Kantuzekoak herriko plazan.

Behin hasiera emanda, besta hiriko ostatu eta elkarteetara zabaldu zen, joaldun eta bandek eratutako giro alaiak lagunduta. Ondoren, The Sparteens talde hendaiarrak atzera begiratu bat eskaini zien bertaratutakoei agertokia ye-ye estiloarekin jantziz. Dantzaldia izan zen gero, Samain taldearekin.

Horrela hasi zen Euskal Besten 79. edizioa, baina herritarrak 80.erako hasiak dira jada prestatzen. 1930ean hasi zen, uda ere jai giroz jantzi nahi zuen hitzordua. Hendaiako zaindari-jaiak urtarrilean ospatzen diren bixintxoak izanik, udaldian zer ospatu ez zutela geratzen ziren. Horri konponbidea bilatzeko, auzoko Irun hiriari begiratu bat eman, eta bi urte lehenago hasi ziren jaien ideia hartzea erabaki zuten lapurtarrek.

Zuberoako eguna

Zuberoari eskainitako eguna izango da gaurkoa. 2008an Ezpeizen egindako «Xiberoko jauna» pastoraleko dantzari eta kantariak inguratuko dira kostaldera. Zuberotar gustuko aperitifak hartuko dituzte festazaleek eguerdi zein arratsalde partean.

Goizeko bederatzietatik herriko plaza artelanekin jantziko da, artisauen azoka zabaltzean. Herri-kirolen txanda izango da arratsaldean, seietatik aurrera Joseba Ostolaza eta Sebastien Marticorena harri-jasotzaileek lehiaketetan erakutsitako indarra ere aterako dute herriko plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo