NaBai-k PSNri egotzi dio Sanzi laguntzea, krisiaren kontrako neurriei buruz azalpenak eman ez ditzan
GARA
Nafarroa Bai-ko eledun Maiorga Ramirezek PSNri leporatu dio Miguel Sanz presidenteari laguntzea, honek krisi ekonomikoari aurre egiteko indarrean jarritako neurriei buruz azalpenak eman ez ditzan. Ondorioztatu duenez, jarrera honen arrazoia da Roberto Jimenezen alderdiak ere «ardura» duela neurri horien antzutasunean.
Atzo egin zituen Ramirezek adierazpen horiek, eta aipatu zuen Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiek «porrota» baino ez dutela ekarri, lurraldean langabezia etengabe gora doalako. Ildo horretatik, PSNko arduradunei gogora ekarri zien Gobernu espainolak agerraldia egingo duela abuztuan, gai honen gainean berba egiteko.
PSNren jarrera «aldrebeskeria» dela esan zuen EAko Nafarroako arduradun den Ramirezek, eta nabarmendu zuen lurraldean azken 20 urteetako langabezia tasarik handiena dutela egun.
«PSN, UPNren estrategiari laguntzen ibili da uneoro, eta bat egin du Nafarroako eskuinak propaganda helburuarekin eta hedabideen babesean ustez krisiari aurre egiteko hartutako neurriekin», gaineratu zuen Ramirezek. Neurri horiek arrakastarik ez dutela izan agerian geratu denean, PSNk alde batera geratu nahi izan duela ere salatu zuen.
Instituzioak gutxietsiz
PSNk eta UPNk batera aurrera eramandako estrategiaren helburua zen, Maiorga Ramirezek atzo adierazi zuenez, kontsumoari laguntzak emanez jardun ekonomikoa suspertzea, eta hala langabezia murriztea. «Baina estrategia horrek porrot egin du, langabeziak gorantz eta gorantz baino ez duelako egiten», azaldu zuen, eta estrategia hori bien artean hitzartutakoa izan zenez, horretan PSNk UPNk bezainbesteko ardura duela gaineratu zuen.
Ramirezen aburuz, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek instituzioak «gutxietsi» ditu, azken egunotan adierazi duelako ez duela «ezertarako balio» abuztuan Parlamentuak lan egitea, horrek ez duelako «ezer konponduko». Adierazpen horren aurrean, «harrigarria da eledun parlamentario batek instituzio publikoei era horretan zilegitasuna kentzea», ohartarazi zuen Ramirezek, gaineratuz Miguel Sanzek, «ardura instituzionala» dela-eta agerraldia egin beharko lukeela Parlamentuan.