Sega Euskal Herriko finala
Gipuzkoarrak izango dira faborito Aizarnako finalean
Lizaso, Goikoetxea, Alkorta, Arteaga eta Kanflanka arituko dira nor baino nor.
Jon LEUNDA
Euskal Herriko segalarien finala jokatuko da bihar 12.00etatik aurrera Aizarnan, Aranburu baserriko belardietan. Hasiera batean lau ziren bertan aritzekoak, baina azkenean bost arituko dira nor baino nor.
Arkaitz Arteaga egungo txapeldunak zenbait osasun arazo izan ditu, eta ez parte hartzekotan izan da, baina azkenean lehiatzea erabaki du, eta bost arituko dira. Berarekin batera, Lizaso, Goikoetxea, Alkorta eta Kanflanka neurtuko dira. Lau gipuzkoar eta nafar bat izango dira aurrez aurre. Kirolari bakoitzak ordubete izango du segan aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duenak eramango du txapela.
Gipuzkoako finala errepikatzen dela esan daiteke ia-ia. Izan ere, han aritu ziren lau eta Kanflanka izango baitira. Faboritoak ere ordukoak izango dira. Aurten, gainera, inoiz baino lehiaketa gutxiago izan dira. Gipuzkoakoa, eta gaur jokatu den Bizkaikoa besterik ez dira izango, Euskal Herrikoarekin batera, baina honelakoak lehen ere gertatu izan dira, eta datorren urtean jende gehiagok parte hartzea nahiko lukete sega zaleek.
Lizaso, izango da, dudarik gabe, irabazteko faborito nagusietako bat. Urte asko eta gero, betiko erako probetara itzuli da asteasuarra, eta Gipuzkoako txapela eraman du. Nazioarteko eran ere gertu izan zuen garaipena, baina doi-doi ez zuen lortu. Gaurkorako ere faboritoa da.
Andoni Goikoetxea jotzen dute haren aurkaririk gogorrentzat. Gaztelukoa beti ibiltzen da ongi halako probetan, eta biharkoan ere saiatuko da Lizaso estu hartzen, eta ahal bada berari txapela kentzen.
Arkaitz Arteaga da egungo txapelduna, baina zalantza ugari daude beraren inguruan. Osasun arazoak izan ditu, eta azken unean erabaki du parte hartzea, beraz, zaila da bera ere faboritoen zerrendan sartzea. Hala ere, parte hartzea erabaki, eta hori ez da seinale txarra.
Alkorta ez da faboritoen zerrendan agertzen, baina bera ere kontuan hartu beharko da. Lan onak egin izan ohi ditu, eta saiatuko da faboritoak estutzen, eta lan on bat egiten.
Kanflankarentzat, berriz, lehen saioa izango da. Nafarroan ez da txapelketarik jokatuko, beraz berarentzat lehen saioa izango da, eta lan on bat egitea izango du helburu nagusia.
Bizkaikoa
Gaur, berriz, 12.00etan hasita, Abadiñon, Basaguren jatetxeko belardietan, Urkiolatik hiru kilometrora jokatuko da Bizkaiko finala. Hauek ere ordubete izango dute lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen dituenak irabaziko du herrialdeko txapela. Intxaurbe, Atxa, Gondra eta Larrañaga neurtuko dira. Lapazaranen eta Goioagatarren faltan, nahiko hanka motz geratu da Bizkaiko segalaritza.