GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA

Zubiagak ez du barkatu Arabako Txapelketan

J.L.

Gasteizko jaietan egunero ari dira herri-kirol saioak, eta herrialdeko hainbat txapelketa jokatzeko ere erabiltzen ari dira egunok.

Aizkorako finala jokatu zuten lehen egunean, eta ez da inolako ezusterik izan, Zubiagak argi eta garbi utzi baitu une honetan beste aizkolarien gainetik dagoela. Bera Lehen Mailan dago, eta finalean aritu ziren beste bi, berriz, Hirugarren Mailan. Laugarrena, Rodriguez, segoviarra da, eta aurten Arabakoan lehiatu bada ere, berak ez du normalean Euskal Herriko Txapelketan parte hartzen.

Bi kana-erdiko, bi 45 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta Zubiagak lehen enborretik hartu zuen abantaila, eta horrelaxe jarraitu zuen amaierara arte.

Jauregirengan ere bazegoen itxaropenik. Iaz bigarren izan zen, eta aurtengo Urrezko Aizkoran ere lan bikaina egin zuen, baina gerriko minak jota ibili da, eta azkena amaitu zuen, Zubiagarengandik bost minutura.

Trontzalarien herrialdeko finala, berriz, atzo jokatu zuten. Hiru biko zeuden azkeneko saio hau jokatzeko sailkatuta, eta bakoitzak 60 ontzako enbor bati etzanda 14 epai eman behar izan zizkion, eta beste sei, kana-erdiko enbor bati, baina hau zutik jarrita. Velez de Mendizabal-Lopez agertzen ziren faborito moduan, baina Perez de Heredia eta Altzola jaun eta jabe izan ziren. Hasieratik aurre hartu, eta amaierara bitarte nagusitu ziren, txapela merezita jantziz.

Arabako ingude-altxatze Txapelketa ere jokatu da jaialdi hauen barruan, eta bertan onena Iñigo Saez de Castillo izan da. Berak 3 itzuli, 1/4 eta 2,30 metro egin zituen.

Aizkoran, Arabako Irekia ere jokatzen ari dira, eta bi finalerdiak jokatuta daude. Lehenengoan, Larretxea eta Rodriguez I.a nagusitu ziren. Nafarrak eta segoviarrak 16 minutu eta 55 segundotan burutu zituzten lan guztiak, eta 17 minutu eta 23 segundotan, berriz, Arrospidek eta Jauregik. Atzo bigarren finalerdia izan zen, eta Arriak eta Zubiagak irabazi zuten. 17.38 izan zen beraien denbora eta 18.22 Nazabalena eta Llanosena. Beraz, gaur 12.00etatik aurrera finala jokatu dute. Bertan, Arria eta Zubiaga izango dira alde batetik, eta bestetik, Larretxea eta Rodriguez I.a. Lan ugari egin beharko dituzte, eta denak amaitzen denborarik gutxien pasatzen duenak lortuko du garaipena.

Gaur emakumezkoen Arabako txinga Txapelketako finala ere jokatuko dute. Bihar, gizonen, zaldien eta idien probak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo