Espainiako Traineru Txapelketa
Kontxari begira neurria hartzeko aukera bikaina
Kaiku, Castro eta Astilleroren bertsiorik onenak, Hondarribia ahaztu gabe, Galizian neurtuko dira.
Asier AIESTARAN
Arraun munduak parentesi txiki bat egingo du asteburu honetan eta Euskal Herriko uretan ez dugu estropadarik izango. Errua Galizian jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketak du. Gaur eta bihar izango da Villagarcia de Arousan dagoen Vilaxoan herrixkan, Pontevedran. Sailkapen estropada 18.00etan hasiko da gaur eta finalak bihar 12.00etan iritsiko dira.
Kaiku eta Hondarribia izango dira lehiaketan parte hartuko duten bi euskal ordezkariak. Haiekin lehian arituko direnak, berriz, Astillero, Castro, Pedreña, Tiran, Meira eta Mecos. Azken hauek Luancoren postua hartu dute, asturiarrek txapelketan parte hartzeari uko egin ostean.
Aipatu beharra dago, hainbat urtetan mokoka aritu ondoren, TKE Ligaren eta Estatu espainoleko Federazioaren arteko harremanak «goxatu» izanak Espainiako Txapelketari garai batean izan zuen sona itzuli diola hein handi batean. Hori bai, lehiaketak betidanik izan duen esanahi politikoak eta antolakuntza aldetik ohikoak izan diren akatsek oraindik ere mesfidantza sortzen jarraitzen dute Euskal Herriko arraunzale askoren artean.
Eremua eta zozketa
Mesfidantza hori izaten jarraitzeko arrazoiak badaude aurten ere. Espainiako Txapelketa estropada eremu berri batean jokatuko da, aurrez goi-mailako traineru lehiaketarik jaso ez duen leku batean. Vilaxoango trainerua iaz sartu zen Galiziako Ligan eta esperientzia gehiegirik ez daukate antolakuntza lanetan. Hala ere, beraien alde esan beharra dago aurten San Miguel Ligak Galizian jokatutako estropadetan ez dela arazo berezirik egon. Estropada eremua aztertu duten arraunlariek diotenez, joaneko bi luzeetan haizeak gogor jo lezake kontrako norabidean eta kale onenak erdiko biak izan litezke, aurreneko kalean bueltan datozen olatuek eta laugarrenean itsasontziek sortutakoek traba pixka bat egin dezaketelako.
Eremuaz gain, gaurko txanda zozketak ere bere eragina izan dezake. Araudiak dioenez, lurralde bakoitzeko txapeldunak (Kaiku, Astillero eta Tiran) serie-buru moduan banatuko dituzte, bi txanda batean eta bat bestean. Gainera, txanda berean ezingo dute lurralde bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuek topo egin. Beraz, argi dago Kaiku eta Hondarribia txanda ezberdinetan egongo direla gaur, baita Astillero eta Castro ere. Oso litekeena da -%66ko probabilitatea-, gainera, Kaiku Castroren parean suertatzea, eta Hondarribiari Astillero aldamenean egokitzea.
Kontxarako erreferentzia
Estropadari dagokionez, asteburuak oso aukera ona eskainiko du maila ezberdinetako traineruek, inolako arraunlari propioen kuporik gabe, eman dezaketen maila ikusteko. Edo beste modu batera esanda, Kontxara begira Kaikuren eta Astilleroren benetako maila zein den jakiteko, Castro ahalguztiduna parean izango dutela jakinda. Izan ere, asteburu honetakoa izango da azken erreferentzia baliagarria irailaren 3an jokatuko den Kontxako sailkapen estropada iritsi bitartean.
Garaipen zerrendaren historiari begiratuta, Orio da jaun eta jabe urrezko hamabost domina irabazita. Kontuan izan behar da, gainera, zenbait urtetan uko egin diola lehiaketan parte hartzeari, beste hainbat euskal ontzik egin bezala. Gipuzkoarren atzetik, Astillero eta Pedreña berdinduta daude, bakoitzak zortzina titulu eskuratu baititu. Kaikuk 1978an lortu zuen garaipena azkenekoz eta Hondarribiak ez du sekula irabazi.
Txanda zozketa gaur 12.00etan egingo da delegatuen bileran. Araudiari jarraituz, ezinezkoa da lurralde bakoitzeko irabazlea eta bigarren sailkatua txanda berean sartzea. Beraz, Kaiku eta Hondarribia ez dira batera arituko, ezta Astillero eta Castro ere.