GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Punk taupadak jasan ostean, Willy DeVille kantariari bihotza lehertu zitzaion atzo

New York hirian jaiotako kantariak indiar, irlandar eta euskal odol nahasketa zeraman odolean. Mink DeVille taldearekin eta «Italian shoes», «Demasiado Corazón» edo «Hey Joe» kantuekin egin zen ezagun.

p043_f01_148x84.jpg

GARA

1953ko abuztuaren 27an New York hirian jaioa (AEB), pankreasetako minbizi batek -C hepatitisarekin larritua- eraman zuen atzo Willy Deville kantaria, 55 urte baino ez zituela.

Kaleko zakurtzat zuen bere burua, amonak kontaturikoaren arabera, indiar, irlandar eta euskal arbasoak zituen arren. Artistak berak aitortu zuenez, «euskaldunak artzainak zirela eta aparte bizi zirela esan zidan amonak, eta garai batean oso mitifikatua nuen jatorri hori».

Musikalki, New Yorkeko punk mugimenduaren hastapenetan parte hartu zuen, CBGB aretoan, eta beste asko bezala heroina eta alkohol zale ere bihurtu zen. Alta, Mink DeVille taldeko gidari legez lehenengo eta bakarlari legez gero, doinu eta erritmo nahasketa harrigarria agertu zuen, mestizaje erakargarria sortuz. Tarteka gazteleraz ere abesten zuen eta frantziar musika miresten zuen artistak harreta handiagoa lortu zuen Europan bere herrian baino.

«Cabretta» izan zuen lehen lana, eta «Spanish Stroll» hitarekin lortu zuen oihartzuna. 1987an bakarkako bideari ekin zion, eta erritmo latindarrak eta rythm & bluesa nahasteaz gain, salsa, soul eta New Orleanseko soinuan ere jarri zuen arreta, bertan bizi izan baitzen tarte luze batez 90eko hamarkadan.

Itxura berezia zuen DeVille argal eta luzeak, txima luze eta bigote finarekin. «Backstreets of Desire» (1992) diskoko «Hey Joe» kantuaren bertsio dantzagarri batek oso ezagun bihurtu zuen, baita «Demasiado Corazon» kantuak ere. Azken lana iazko «Pistola» zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo