John Hughes zinema zuzendaria zendu da
John Hughes zinema zuzendaria, laurogeiko hamarkadan arrakasta itzela lortu zuten pelikulen zuzendaria, herenegun hil zen New York hiriko bere etxean, bihotzekoak jota. Besteak beste «Home Alone» (bakarrik etxean) eta antzeko pelikulen arduraduna izana zen.
The New York Times egunkariak eta ABC zein Fox telebista kateek esan zutenez, 59 urte baino ez zituen Hughesi Manhattanetik paseoan zebilela eman zion bihotzekoak, familiarteko batzuei bisita egin eta etxerako bueltan zela.
Culkin eta Ringwald antzezleak mundu mailako izar bihurtzeaz gain, John Hughesek artean nerabe ziren beste antzezle batzuekin lan eginez lortu zuen ospea, Matthew Broderick, Emilio Estevez, Paul Gleason, Anthony Michael Hall, James Spader, Kevin Bacon edo Elizabeth McGovern, tartean.
1990ean «Home Alone» filme ezaguna ekoiztu zuen eta ondorengoa (Bakarrik etxean: New Yorken galduta) zuzendu. Macaulay Culkin ume koskorra zuten aipatu bi pelikulek antzezle nagusia, eta gurasoak oporretan zirelako (Paris eta New Yorken) mutiko batek etxean eta bakar bakarrik zela pairatutako abentura harrigarriak kontatzen dituzte. Bi pelikula hauekin gainera, mundu mailako sona eskuratu zuen Hughesek, 80 eta 90eko hamarkadetan arrakastatsuenetarikoak izan baitziren takilari dagokionez. Gai berarekin hirugarren lan bat ere zuzendu zuen estatubatuarrak 1997an, honakoan Alex D. Linz aktore nagusi zela.
Aipatutakoez gain, «Beethoven», «101 Dalmata» edo «Flubber» ere zuzendu zituen, guztiak 90eko hamarkadan. 2002an Wayne Wangek zuzendu eta Jennifer Lopez eta Ralph Fiennesek antzeztutako «Manhattanen gertatua» filmearen gidoia ere Hughesek idatzia da, gidoigintzan ere nabarmendu baitzen, besteak beste Molly Ringwaldek antzeztu zituen «Sexteen candles», eta «Pretty in pink» pelikulak idatzita.
John Hughes 1950eko otsailaren 18an jaio zen Michigan Estatuko Lansing herrixkan (Estatu Batuak), eta Chicagon hasi zen lanean gidoilari bezala. Hiri horretan zuzendu zituen pelikularik gehienak ere.
Agerpen publikorik ez
80 eta 90eko hamarkadetan nabarmendu ostean, urte ugari zeramatzan publikoan agerpenik egin gabe.
Institutu garaian ezagututako Nancy Ludwigekin ezkondua zegoen 1970a geroztik. Bi semeren aita eta lau hilobaren aititona zen.
Jaiotze data: 1958ko otsailaren 18a. > Lekua: Lansing (Michigan, AEB). > Heriotza data: 2009ko abuztuaren 6a. > Lekua: New York (AEB).