Remi Ayestaranen heriotzak ez du gogoetarik eragin Lakuan, eta debekuek jarraitzen dute
Iragan asteburuan Villabonan gertatutakoak ez du, antza, gogoetarik eragin Lakuan, Madrilgo Gobernuan eta epaileengan. Edo, okerrago dena, manifestazioak debekatuz eta adierazpen askatasuna eta manifestaziorako eskubidea zanpatuz bide onetik ari direla pentsatu bide dute agintariek. Gogorkeria da uneotan Barne Sailak darabilen politikaren «izpiritua», eta horrekin aurrera jarraitzeko erabakia hartua du, agerikoa denez, Ares sailburuak. Gogorkeriaren ondorioa Ayestaranen kasuan bezain larria bada ere. Astean zehar kasu honekiko erakutsi duten mespretxua argigarria da.
Testuinguru honetan, Barne Sailak atzo Gaztesarearen alde eta gaur salbuespen egoeraren aurka Donostian egitekoak ziren manifestazioak debekatu ditu. Atzo, gainera, Ertzaintzak Gaztesarearen aurkako operazioa salatzeko bildu ziren pertsonak era bortitzean sakabanatu zituen. Nolanahi ere, aurreko Lakuako Gobernutik honakora, bederen alor honetan aldaketarik ez dela egon azpimarratu behar da. Izan ere, EAJren eskutik hasi zen Barne Saila manifestazioak sistematikoki debekatzen. Aresek Balzarentzat izan zituen hitz goxoen arrazoia argi geratzen ari da egunotan. Horretan adostasuna erabatekoa dute.