Sonia Gonzalez Idazlea
Boterearen hizkera, hizkeraren boterea
Politikariek ondo asko dakite hori. Aspaldi konturatu ziren erretorikaren indarraz ez ezik, berben erabilera moldatzea errealitatea bera moldatzeko modu eraginkorra dela
Donner un sens plus pur aux mots de la tribu», idatzi zuen Stephane Mallarmek Poeri eskainitako sonetoan. Sarrionandiak ere behin baino gehiagotan aipatu du idazlearen zeregina tribuaren hitzei zentzu puruagoa ekartzea dela. Marxek eta Engelsek «Alemaniar ideologia» liburuan lengoaia benetako kontzientzia, kontzientzia praktikoa, beste gizakientzat ere existitzen dena, pentsamenduaren berehalako errealitatea dela esan zuten. Aristotelesek erretorika entzulea limurtzeko arte gisa azaldu zigun... Dena hizkuntzaren bitartez. Hizkuntza, gizaki guztiok berezko dugu eta, arnasa bezala, ia konturatu gabe, ahotik irristatzen zaigu gauza arrunta bailitzan. Baina hizkuntza tresna benetan boteretsua da.
Boterea duenak hizkuntza -eta horrekin batera mundua- desitxuratzen du, menperatzen du. Politikariek ondo asko dakite hori. Aspaldi konturatu ziren erretorikaren indarraz ez ezik, berben erabilera moldatzea errealitatea bera moldatzeko modu eraginkorra dela. Berbak ez dira aseptikoak, zentzu puru hartatik guztiz aldenduta, errealitatearen zentzua nahasteko erabiltzen direnean.
Horrela, berbak erabiliaren erabiliaz gastatu egiten dira, euren benetako zentzua galdu, eta apurka eman nahi izaten dioten bestelako zerbait bihurtzen joaten dira kolektiboaren irudiko. Horra hor, adibidez, `demokrazia', `elkartasuna', `terrorismoa', `bizikidetza', `justizia', `sozialista', `fundamentalista' eta abar.
Estatuak jendeak entzuten duen hizkuntzaren eta ikusten dituen irudien gainean zenbat eta kontrol handiagoa izan, orduan eta errazagoa da «adostasun demokratikoa» lortzea. Pertsona orok kontzeptuetan sinesteko, kontzeptuei eusteko joera du, batez ere esperantza eta giza sentimenduen kutsua dutenean. Zernahitarako berbak, «komodinak», dira hauek guztiak, errealitatea mozorrotzen eta goxotzen duen diskurtso politikoan barra-barra erabiltzen direnak.
Herrialde demokratikoak eta pertsona demokratak boterearen gustukoak dira, besteok, faxistak; herriari galdetzea delitutzat duten horiek demokratak dira; Hugo Chavez, esaterako, kolpista eta diktadorea besterik ez da. Gaztelaniazko `popular' hitzak, Francoren «demokrazia organikoari» hainbeste zor dion alderdi bati ematen dio izena, eta Alemaniako naziak izan dira termino hau, volks- aurrizkiaren bitartez, historian gehien erabili izan dutenak. Gerrak eta tropak, azkenaldion, `humanitario' bihurtu dira, seguru asko betidanik «gerra ministerio» zirenak «defentsa ministerio» bihurtu zirenetik.
Ea berba horien tankerako zenbat antzematen dituzuen Patxi lehendakariaren lehengo eguneko esaldi honetan: «Donde haya un intento de invadir el espacio público-festivo para dar apoyo al terrorismo estará nuestra voluntad para impedirlo. La calle es el espacio de la libertad y la convivencia. Por eso los ciudadanos (...) vamos a demostrar que la calle es nuestra». Tartean azken modako terminoa den `borondatea' polizia armatuari deitzeko. Askoz zibilizatuagoa, politikoagoa eta demokratikoagoa herritar mantso guztientzat, esan nahi zuena esan izan balu baino: «Como no se queden en casita, les vamos a dar hasta en el cielo de la boca», alegia.